2015eko Udal eta Foru Hauteskundeetarako Zumaiako EH Bilduren hautagaiak. (Iturria: EH Bildu)
Alderdiak ari dira pixkanaka maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako hautagaiak eta zerrendak iragartzen. EAJk Oier Korta aurkeztu zuen alkategai joan den urtearen amaieran, PSE-EEk Arritxu Marañon duela hilabete inguru, eta aste honetan EH Bilduk zerrenda osoaren berri eman du. Alex Oliden da zerrendaburua, eta bera da, beraz, alkatetzarako hirugarren hautagaia.
Zerrenda osoaren eta prestatu duten programaren aurkezpen publikoa bihar egingo dute, 13:00etan, Alondegiaren aurrean. Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagai Xabier Olanok ere parte hartuko du ekitaldian. Hauek dira EH Bilduren zerrenda osatzen dutenak: Alex Oliden Antia, Arritxu Iribar Egaña, Josu Arrieta Arriola, Jone Mugerza Egaña, Joseba Azpiazu Azkarraga, Nerea Eizagirre Telleria, Miren Galfarsoro Madariaga, Maddi Gallastegi Osa, Antton Peñalba Alberdi, Mila Bakedano Olaizola, Karmelo Larburu Etxaniz, Oihana Zulaika Alkorta, Aitor Manterola Garate, Arantxa Gajate Telleria, Aitor Leitza Alberdi eta Iñaki Agirrezabalaga Alkorta.
Alex Oliden kimikaria da, eta sektoreari lotutako enpresa bat dauka. Han egin du bere lan ibilbidea. Zumaian ezaguna da, batik bat, eskubaloi jokalaria eta entrenatzailea izan delako urte askoan. Zerrendako bigarren postuan Arritxu Iribar kirol kazetaria ageri da, hau ere aurpegi oso ezaguna herrian. Printzipioz, zinegotzi izateko aukera dutenen artean, Joseba Azpiazu da aurrez zinegotzi izan den bakarra, 2007-2011 agintaldian Osagun Saileko arduraduna izan baitzen. Azken bi agintaldietan alkate izan den Iñaki Agirrezabalaga azken postuan ageri da, eta azken aurrekoan Aitor Leitza Ingurumen zinegotzia.