Industria ondarearen memoria, hamar paneletan

Baleike 2015eko martxoaren 18a

Herriko industria garapenean inportanteak izan diren tokietan jarri dituzte argazkiz eta informazioz osatutako panelak. Hilaren 28an bisita gidatua egingo duteAdin batetik gorakoek ezagutu dute Ardantzabide edo Moilaberri aldea enpresaz beteta, baina g...

Herriko industria garapenean inportanteak izan diren tokietan jarri dituzte argazkiz eta informazioz osatutako panelak. Hilaren 28an bisita gidatua egingo dute

Adin batetik gorakoek ezagutu dute Ardantzabide edo Moilaberri aldea enpresaz beteta, baina gazteentzat zuri-beltzezko iragana baino ez da, aiton-amonen kontuak. Kostaldeko inguruko herriekin alderatuta, industriaren eskutik garatu du bere ekonomia Zumaiak; zementugintzari, ontzigintzari, motorgintzari eta makina-erremintari zor dio Zumaiak bere izaeraren parte handi bat. Baina historia hori guztia ezezaguna da gaur egun, desagerrazari egin ditugu fabrika zaharren aztarnak. Kezka horrek bultzatuta sortu zen ZIIZ elkartea, Zumaiako industria ondarea ikertu eta ezagutzera emateko. Lan mardula egin ondoren, bildutako informazioa herriratze lanean ari dira orain. Ziiz.eus webgunea sortu zuten aurrena, eta orain kalean jarritako panelen bitartez nahi dute oroimena berreskuratu.

Guztira hamar panel informatibo jarri dituzte, eta garai batean herrian ziren enpresa esanguratsuen kokalekuen inguruak hautatu dituzte horretarako. Bi motatako panelak bereiz daitezke: «Alde batetik, kokatuta dagoen inguruko informazio orokorra ematen duten panelak daude. Eta bestetik, gaur egun oraindik badauden arrasto industrialen inguruan kokatutako paneletan arrastoaren informazioa eskaintzen dutenak daude», azaldu du Oihana Artetxe ZIIZ elkarteko kideak.

Paneletako informazioa euskaraz eta gaztelaniaz badago ere, panelean dauden QR kodeen bidez ingelesezko eta frantsesezko informaziora jo daiteke.

«Egun bateko kontzertu edo ekitaldi handi ugari egin daitezke, baina aurrekontu ez oso handiarekin gauza xume baina interesgarriak ere egin daitezke, eta industria ondarea berreskuratzeko panelen proiektu hau da horietako bat. Hau, gainera, ez da pasatzen, bere horretan, herritarrentzat zein bisitarien eskura hortxe izango da», azaldu du Eneko Agirre Kultura zinegotziak.

Herriko industria historian

Enpresak jaio, garatu eta hil egiten dira, eta Zumaian XX. mendearen erdialdea baino lehen sortu ziren guztiak desagertu egin ziren, Astilleros Balenciaga, Zumaiako enpresetan dekanoa, izan ezik. Izan ere, 90 urte baino gehiagoko jardunari eutsi dio. Zoritxarrez, kasik ez da geratu sortu zituzten elementuen aztarna materialik (eraikinak, makinak, produktuak, tresnak, etab.), herriaren kultura ondarearen zati direnak, eta zumaiarren nortasun ezaugarriak eta memoria osatzen dutenak.

2009ko udaberrian, ZIIZ Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa izeneko proiektua abiatu zuen herritar talde batek. Zumaiako industriaren historian eta garapenean oinarritutako erakusketa iraunkor bat sortzea da asmoa, industria jarduera Zumaiaren eta bertako biztanleen bilakaeran funtsezko alderdi bat izan dela eta dela ulertzen dutelako.

Bisita gidatua

Panelak jartzearekin batera, bisita gidatu bat ere antolatu dute udalak eta ZIIZ-ek martxoaren 28rako. Bisita 11:00etan abiatuko da Gernika parkeko anbulatorio zaharraren paretik, eta ZIIZ elkarteko kide Pello Etxabek gidatuko du (euskaraz emango ditu azalpenak). Bisita doakoa eta irekia izango da, baina izena aurrez eman beharko da Kultur Etxean edo Turismo Bulegoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide