Gorka Zabaleta.
Gizarteko beste esparru guztietan bezala, emakumeek aurrerapauso nabarmenak egin dituzte azken 25 urteotan kirolean, baina oraindik ere jendartean bide luzea du egiteko normaltasun egoerara iristeko. Kirolariak direlako, izan direlako, edo kirolariekin lan egiten dutelako, hamaika arrazoi, adibide eta pasadizo argigarri kontatu zituzten asteartean Emakumea kirolean bildutako zazpi emakumeek: gaian aditu Ainhoa Azurmendik, Esti Arriola pilotariak, Patri Espinar pilotari ohiak, Esther Cruz eskalatzaileak, Nagore Osoro arraunlariak, Maddalen Antia futbolariak eta Arritxu Iribar kirol kazetariak.
Debekuak
Garai batean debekatuta zuten emakumeek kirola egitea. Zergatik? Gaur egun eraginik ba al du?
Patri Espinar: Gizarte patriarkala zen, oso matxista. Hori aldatzen ari da, eta egoera normalizatzen ari da.
Arritxu Iribar: Emakumeak ezin zuen kirolean parte hartu, baina ezta gizarteko beste hainbat arlotan ere. Kirola gizartearen ispilu zen. Normalean, bakarrak ematen zuen lehen pausoa eta gizonezkoen aurka lehiatzea egokitzen zitzaion, eta desoreka handia zegoen. Lekuz kanpo zegoen emakumeak kirola egitea.
Maddalen Antia: Ni gazteago nintzenean, beti azkenak izaten ginen ordutegiak-eta aukeratzeko garaian. Aurrena mutilak eta gero neskak. Hori, zorionez, aldatu egin da Zumaiako Futbol Taldean. Orain kategoriaren arabera erabakitzen dira ordutegiak. Zumaian aurrerapausoak eman dira, baina kanpora joaten garenean jokatzera oraindik gehienetan partidak igandeetan izaten ditugu.
Esther Cruz: Duela 20 urte lauzpabost emakume ginen eskalatzen ibiltzen ginenak, txapelketetan. Orain askoz gehiago gara. Asko aurreratu da, baina oraindik badaude oztopo asko. Neska batek arrisku maila jakin bat duen kirola aukeratzen badu, «txoriburua» izango da; mutila berriz, «ausarta» izango da.
Arritxu Iribar: Kontraesan bat badago, adibidez, herri kiroletan. Jatorria dute baserriko lanetan, eta lan horiek guztiak emakumeek egin egin dituzte, baina gero kirol modura plazara agertzerik ez, plazan gizonezkoak bakarrik. Arrauna, berriz, gizonezkoen lanbide batetik dator baina emakumeek hor aurrerapausoa egin dute. Hala ere, oraindik badago zer egin. Adibidez, traineruaren neurriak zergatik dira berberak gizonezkoenak eta emakumezkoenak? Futbolean, eskubaloian eta kirol gehienetan berdin. Oraindik materiala, arauak eta abar ez dira egokitu emakumeen ezaugarrietara.
Estereotipoak
Emakumeei ezarri zaien estereotipoetako bat da ez direla lehiakorrak.
P. E.: Nire esperientziatik esan dezaket, askotan emakumeen helburua ez dela izaten lehiatzea, ondo pasatzea baizik. Federatuta dauden neskatilen eta mutikoen artean ere ikusten dut alde hori. Neskak ez dira hain lehiakorrak, eta mutilek berriz irabaztea dute beti buruan.
A. I.: Nik uste dut emakumea badela lehiakorra, baina hezkuntzak zeresan handia du. Esango nuke, gaur egun, soilik ondo pasatzearen kontu hori oso zabalduta dagoela, neska zein mutiletan. Gaur egun arazo handiak daude gazteek kirola benetan serio hartzeko, profesionaletarako bidea hartzeko, ahalegin handia eskatzen duelako.
Erreferenteak
Emakumeek duten arazoetako bat ez al da erreferente falta? Komunikabideek sortzen dituzten ereduak denak gizonezkoak dira.
A. I.: Esango nuke atzerapausoak ere egin ditugula. Esate baterako, duela 25 urte txirrindularitzan Euskal Herrian bazegoen emakumeen talde oso indartsua, Orbea. Etxeko txirrindulariak ziren eta oso onak. Espainiako onenak dudarik gabe, eta nazioartean ere oso maila ona zuten. Gaur egun, Gipuzkoan ez dago ezer eta Bizkaia taldean hiru baino ez dira etxekoak. Eta maila izugarri apaldu da.
P. E.: Emakumeen kirola bultzatzeko arraunean ahalegin handia egin da, beste kirolekin alderatuta. Baina edozerk ez du balio emakumeen kirola sustatzeko. Gutxieneko maila eskatu behar da, seriotasuna. Arinkeriaz jokatzea kaltegarri da. amatasuna Amatasuna eta kirola ez al dira bateragarri?
E. C.: 25 urte nituen Eneko semea jaio zenean. Espaniako Txapelketa irabazi nuen. Kritikatu egin ninduten umea lehiaketara eraman eta han titia emateagatik. Ez zegoen ondo ikusia. Beste lehiakideei galdetu zieten ea enbarazu egiten ote zien umeak. Zorionez, inor ez zen kexatu. Ni izan nintzen lehena; norbait ausartu behar. Baina, amatasunaren kontura, komentario maltzurrenak emakumeek egiten dituzte. 2005ean Munduko Txapelketan hartu nuen parte, eta Eusko Jaurlaritzak bi urterako beka bat eman zidan. 2006an haurdun gelditu nintzen, eta umea jaio zenean, beka kendu egin zidaten. Araudiaren arabera, lesionatuz gero ez zegoen arazorik diru laguntza mantentzeko, ez delako borondatezko zerbait; baina haurdunaldia borondatez hartutako erabakia zenez, bekarik gabe utzi ninduten. Zorionez, araua aldatu egin zen 2010ean.
Amaiera
Emakumeek lehenago uzten dute kirola mutilek baino. Zergatik?
P. E.: Neskak 15 urtetik aurrera hasten dira kirola lagatzen. Batetik, nerabezaroan neskek aldaketa hormonalak dituztelako eta lotsatu egiten direlako. Bestetik, mutilek motibazio handiagoa daukatelako: etorkizunean profesional izateko ametsa izan dezakete, emakumeek ez bezala. Eta, eskaintzaren kalitatea ere hor dago. Emakumeek normalean baliabide eskasagoak dituzte, ordutegi txarrenak... Azkenean, sentitzen dute ez direla mutilak bezain garrantzitsuak, eta motibazioa galtzen dute. Eta gizarteak berak ez du laguntzen. Ikasketei lehentasun handiagoa ematen zaie emakumeen kasuan; gizonezkoei errazago lagatzen zaie ikasketak utzi eta lanean hasten.