Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Geoparkeak estreinatu berri duen behatokia 150 metroko altuera duen itsaslabar baten gainean kokatua dagoen egurrezko plataforma bat da, eta oso erraz iritsi daiteke bertara: bost minutu oinez Galarretako atsedenlekutik. Atsedenleku hartatik igarotzen dira Gipuzkoako itsasbazter osoa zeharkatzen duen Talaia ibilbidea eta kostaldeko Done Jakue bidea, urtero milaka lagunek erabiltzen dituzten bi azpiegitura. Ikuspegi zoragarriez gain, behatokiak flysch-aren eta marearteko zabalgunearen balio paisajistiko, geologiko eta ekologikoa jasotzen ditu, eta haiek ezagutaraztea du helburu.
Bestalde, asteburuan zabaldu da Geoparkearen bisita gidatuen 2015eko programa. Programa berri honek abendura arte iraungo du. Aurtengoa bosgarren denboraldia izango du, eta nabarmen igo da bisiten kopurua: iaz 269 irteera eskaini zituzten eta, aurten, 499 bisita daude aurreikusita.
Gainera, bi proposamen berrirekin sendotu da aurtengo eskaintza. Bata, Merkatari eta piraten istorioak izeneko proposamena: «Gure uretan harat-honat ibili diren merkatari, pirata eta kortsarioen historia aberatsaren berri jakingo dute bisitariek, eta Zumaiako itsas ondare aberatsa ezagutuko dute. Alde Zaharrean barrena bitxikeria, kuriositate eta istorio harrigarri ugari eskainiko dizkigu ibilaldi kultural honek, eta merkatari familia handien bizitzaren eta garaiko jauregien nondik norakoen berri jakiteko aukera emango digu», azaldu dute Geoparkeko arduradunek.
Bigarren proposamena Flysch beltza izenekoa da. Horrela azaldu dute: «Ibilaldi harrigarria da Geoparkeko itsas hondo zaharrenetan barrena. Debako hondartza bikainean eta itsas pasealekuan egiten den oinezko bisita honek aukera ematen digu, gidari espezializatu baten eskutik, Geoparkeko flysch ezezagunenaren, hau da, Debako flysch beltzaren sekretuen berri jakiteko. Ehun milioi urteko bidaia egingo dugu iraganera, Bizkaiko Golkoa zabaldu zen hasierako garaietara, eta itsaspeko paisaia zoragarria bistaratuko dugu: koralezko arrezife handiak, itsaspeko abaniko sakonak, lurrikarak eta naturaren harribitxi bereziak, hala nola Debako septariak».
Bisitari errekorra 2014an
Bisita gidatuei buruzko informazioa eta egutegia eskuragarri daude geoparkea.com webgunean nahiz Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan. Erreserbak Internetez egin daitezke, webgunearen bitartez, modu erraz eta seguruan.
Urtez urte gero eta gehiago dira Euskal Kostaldeko Geoparkera hurbiltzen diren bidaiariak. 2014an Geoparkeko bisita gidaturen bat egin zuten lagunen kopuruak %60 egin zuen gora aurreko urteko datuekin alderatuz. Guztira 6.573 lagunek hartu zuten parte iaz Geoparkeak eskainitako irteera gidatuetan. Geoparkea euren kontura bisitatzen duten bidaiarien kopuruak ere gora egin du: 73.840 lagun hurbildu ziren 2014an Geoparkean kokatuta dauden hiru turismo bulegoetara, aurreko urtean baino %18 gehiago. Azken urteetako tendentziari jarraituz, erreserbak Internetez egiten dituzten pertsonen kopurua ere igo egin da. Hain zuzen, erreserba guztien %55 hala egin ziren.