Sahara, bertatik bertara ikusgai

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko otsailaren 27a

'Saharako Ahotsak, ahanztuaren kontrako erresistentzia' erakusketa zabaldu dute Alondegian. Zumaiako 70 ikasle joango dira errefuxiatu kanpamenduetaraSaharako Ahotsak, ahanztuaren kontrako erresistentzia erakusketa eskura dute zumaiarrek Oxford aretoan...

'Saharako Ahotsak, ahanztuaren kontrako erresistentzia' erakusketa zabaldu dute Alondegian. Zumaiako 70 ikasle joango dira errefuxiatu kanpamenduetara

Saharako Ahotsak, ahanztuaren kontrako erresistentzia erakusketa eskura dute zumaiarrek Oxford aretoan. Euskal Fondoak eraman du erakusketa Zumaiara, eta bertan sahararrek ia lau hamarkadetan zehar pairatu dituzten giza eskubideen urraketa nagusiak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek hainbat formaturen bidez: besteak beste, argazkiak, panel informatzaileak eta hobi komun baten berregitea biltzen ditu. Gainera, Zumaiako Darahli elkarteko kideek Saharara egindako bidaietatik ekarri dituzten objektuak ere jarri dituzte erakusketan.

2010etik Euskal Herriko Unibertsitateko Hegoa Institutuak Mendebaldeko Saharan gertatzen diren giza eskubideen urraketei buruz ikerketa sakona egin du Carlos Martin Beristainen zuzendaritzapean, eta horren baitan Memoriaren oasia. Memoria historikoa eta giza eskubideen urraketa Mendebaldeko Saharan txostena argitaratu zuten; hortik abiatuta sortu dute erakusketa.

Ikasleak ere Saharara

Darahli elkarteko kide Samuel Ruizen iritziz, erakusketa aproposa da zumaiarrek mendebaldeko sahararrek bizi duten egoera zaila ezagutzeko eta gaiarekin sentsibilizatzeko. «Sentsibilizazioa da guk antolatzen ditugun kanpainen helburua, eta otsaila inguruan erakusketa bat antolatzen saiatzen gara urtero. Erakusketarekin batera, ekintzak ere egiten ditugu. Larunbatean, esaterako, haurrentzat tailerrak antolatuko ditugu erakusketa aretoan bertan, eta musikariek zuzenean joko dute». Gaur, berriz, elkartasun kontzertua emango du Eñaut Elorrietak (22:00etan, Maria eta Jose aretoan).

Darahliko kideak gustura daude erakusketa izaten ari den erantzunarekin eta zumaiarrek elkartearen lanari ematen dieten babesarekin. «Ikasleak oso kontzientziatuta daude, eta lan bikaina egiten ari dira». Hain zuzen, Aste Santuko oporraldian Saharara joango dira 70 ikasle, eta lau proiektu jorratuko dituzte. Batetik, 21 eguzki plaka eramango dituzte. «Ikasleek muntatu dituzte teknologiako klasean eta familiei nola erabiltzen diren azalduko diete». Bestetik, senidetze proiektuaren barruan, behar handia duten 30 familia sahararrei urtean 100 euroko laguntza emango diete, eta hori finantzatzeko Zumaian 30 familia lortu nahi dituzte. «Oraindik ez ditugu lortu, eta herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu». Eskolako material bilketa ere ari dira egiten, eta Saharara sendagaiak bidaltzeko kanpaina ere martxan dute herrian. «Gainera, bertara iristen garenean eskolako erabilera anitzeko gela txukuntzea da gure asmoa».

zumaia.hitza.eus

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide