EAJk proposatu du hauteskundeetan erabakitzea hondakinak nola bildu

Gorka Zabaleta-baleike 2015eko otsailaren 25a

Zumaiako udal gobernuak jarri nahi duen bilketa sistema alde batera uzteko eskatu du EAJren alkategai Oier Kortak: «Herritarrek erabaki dezatela hauteskundeetan»Zumaiako hondakinak sailkatuta biltzeko sistema berria udaberrian ezartzea da Zumaiako ud...

Zumaiako udal gobernuak jarri nahi duen bilketa sistema alde batera uzteko eskatu du EAJren alkategai Oier Kortak: «Herritarrek erabaki dezatela hauteskundeetan»

Zumaiako hondakinak sailkatuta biltzeko sistema berria udaberrian ezartzea da Zumaiako udal gobernuaren asmoa, duela pare bat aste Iñaki Agirrezabalaga alkateak iragarri zuenez. Gaur egun erabiltzen den edukiontzien sistematik abiatuta, funtsean organikoa eta errefusa biltzeko edukiontzietan dakar berrikuntza. Edukiontzi txikiagoak izango dira, eta txip elektronikoa izango dute erabilera kontrolatzeko. Udalak dagoeneko aurrekontuak eskatu ditu, sistema lehenbailehen ezartzeko.

Baina EAJko alkategai Oier Korta ez dago ados. Hauteskundeen aurretik «korrika eta presaka» ezarri nahi izatea kritikatu du, eta eskatu du bertan behera utzi eta hauteskundeetan herritarrei aukeratzen uzteko. «Maiatzaren 24ko hauteskundeetara aurkezten garenok aukera ezin hobea dugu, geure programen bitartez, gure herri eredua azaltzeko, eta izan daitezela zumaiarrak, gai honetan ere, azken hitza emango dutenak».

Kortak salatu du udal gobernuak alde batera utzi duela Hondakinen Mahaian adostu zen sistema. «Gehiengoak erabaki zuenari muzin eginez, orain beste sistema bat inposatu nahi digute», adierazi du. Sistema berriaren inguruko informazio falta ere kritikatu du, eta galdetu du ea zumaiarrek zergatik ez duten erabakitzeko eskubiderik, Azkoitian eta Mutrikun eginiko galdeketei erreferentzia eginez.

Zumaian jarri nahi den bilketa sistema Tolosakoaren oso antzekoa dela azaldu du Kortak, eta horrek kezka eragin du jeltzaleen artean. «Tolosakoaren kopia bat izango omen da, eta horrek benetako kezka sortu digu. Tolosan sistemak haserrea eragin du herritarrengan, eta ez dugu nahi Zumaian halakorik gertatzerik». Kortaren iritziz, edukiontzi txikiagoak erabiltzeak arazoak baino ez ditu sortzen. «Gure iritziz, ez du inolako zentzurik eta lortuko den bakarra da kaleak edukiontziz betetzea, gehiago beharko direlako. Gainera, berehala betetzen dira, eta gainezka dauden edukiontzien erakusketa zikina baino ez da lortuko sistema berriarekin».

Horregatik, EAJk proposatu du maiatzeko udal hauteskundeetan alderdi bakoitzak proposatzea zein den bere eredua eta herritarrek erabaki dezatela. «Hasieratik garbi izan dugu gaia herriarekin landu behar dela, eta ez herriaren aurka; adostasunarekin, eta ez inposaketarekin. Horregatik, argi eta garbi diogu bosgarren edukiontzia defenditzen dugula, baina ez gaur egun ditugunak baino ontzi txikiagoak».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide