Zumaiarrak egur gainean margotzen ditu beraien herriko 'flysch'-ak, eta Azpeitiko Betharram aretoan ikusgai jarri ditu lanak.
Arritxu Aginagaldek (Zumaia, 1954) margo akrilikoekin eta oleoekin eginiko erakusketa zabaldu du Azpeitiko Betharram aretoan. Zumaiako flysch-etan oinarrituta osatu du erakusketa, eta irekita egongo da, egunero, martxoaren 1a bitartean.Zure erakusketako protagonistak dira flysch-ak. Zumaiakoa izanda, paraje berezia da zuretzat?
Bai. Txikitatik gustatu izan zaizkit, eta margolanen mundu honetan hasi nintzenean, nire helburua flysch-ei buruz zerbait sakona egitea zen, erakusketa bat.
Arria jarri diozu izena erakusketari, zergatik izenburu hori?
Koadroez gain, kutxa txiki batzuk jarri ditut erakusketan, barruan harri batzuekin. Gainera, nire izena Arri izanda, lotura hori egin nahi nuen.
Noiz hasi zinen margotzen?
Gaztetan hasi nintzen, eta denetik probatu dut: margoketa, eskulanak... Denbora-pasa bezala hartu nuen margotzea, eta niretzako oso garrantzitsua izan da. Obra prestatzean, ganbarara igotzen nintzen, eta neure munduan egoten nintzen, bakarrik.
Beraz, pertsona bezala betetzen zaituen zerbait da.
Zalantzarik gabe, lasaitu egiten nau. Gainera, oso pozik sentitzen naiz jendeari erakusketa gustatzen ari zaiola ikusita. Lagun baten lanarekin batera jarri nuen ikusgai lehen aldiz neure lana, eta oso polita izan zen harrera. Gero, leku gutxi eta koadro asko genituela-eta, bakoitzak bere aldetik egin dugu bidea.
Zer teknika edo materialekin egiten duzu lana?
Denetik probatu dut, baina gehien gustatzen zaidan materiala egurra da, haren gainean margotzen dut. Bestalde, bi teknika nahasten ditut: margo akrilikoekin eta oleoekin jarduten dut. Nik ez dut kopiarik egiten, neure argazkiak atera ohi ditut Zumaiako kostan, urtean zehar, eta haiekin, lan originalak egitea gustatzen zait, mareekin eta koloreekin jolastuta. Uste dut norberaren nortasuna horrela sortzen dela; nire kasuan, adibidez, neure nortasuna da koadroetan agertzen den argitasun hori.
Erraza izan al da etxean margotzetik koadroak jendaurrera ateratzea?
Ez, hasieran lotsa edo segurtasun eza sentitzen duzu. Baina gero, konturatzen zara lana zeurea dela, eta kritikak entzuten ikasi egiten dela. Beldurra edo kezka izan nuen estreinaldiaren aurretik, baina behin erakusketa jarrita, gustura nago. Zumaian erakusketa aurkeztu eta kritikak entzutean animatu nintzen Azpeitian eskaera egitera.
Harrera ona izaten ari da erakusketa Azpeitian?
Ni gustura nago. Herritarrei koloreek arreta eragin diete. Gainera, ikusle batek oparia ere eman dit. Esker onekoak dira.