Gidari bat atxilotu dute bart Zumaian, osasun publikoaren kontrako delitu bat egotzita

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 18a

Goizaldean atxilotu dute ertzainek N-634 errepidean 26 urteko gizonezko bat. Urola Kostako Ertzain-etxeak jakinarazi duenez, hainbat droga zeraman gainean atxilotuak. Droga kontsumoen test-a egin diote, eta positibo eman du anfetaminetan. Ertzainek jakinarazi dutenez, 01:30ak aldean Ertzaintzaren patrulla bat Zumaia aldera zihoan N-634 errepidean, eta konturatu dira beraien aurreko autoak bat-batean asko igo duela abiadura. Ertzainek argiekin eta tutuarekin agindu diote gelditzeko, baina ez du kasurik egin, eta bi kilometro  geroago lortu dute hura geldiaraztea. Autoko aurreko partean, ikusteko moduan, bi poltsatxo aurkitu dituztela esan du Ertzaintzak, eta agenteen arabera, atxilotuak onartu  du speed-a zela. Arropa artean poltsatxo bat aurkitu diote, 10 gramo substantziarekin. Azpeitiko Epaitegiaren esku utzi dute atxilotua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide