Eñaut Elorrietak 'Deserriko kantak' lana eskainiko du Darahlik antolatutako kontzertu solidarioan; San Pedro Abesbatzak eta Astindu Dantza Taldeak ere hartuko dute parte
Darahli Elkarteak Sahararen aldeko kontzertu solidarioa antolatu du hilaren 27rako, eta Eñaut Elorrieta igoko da oholtza gainera. Getarian bizi den musikari gernikarrak Deserriko Kantak bakarkako bere lehen lana eskainiko du Zumaiako kontzertu solidarioan, eta Elorrietaz gain, San Pedro Abesbatzak eta Astindu Zumaiako Dantza Taldeak ere hartuko dute parte saioan.Sahararen aldeko elkartasun ekitaldia hurrengo ostiralean 22:00etan izango da, Maria eta Jose Ikastetxeko areto nagusian. Kontzertuez gozatu nahi dutenek dagoeneko salgai dituzte sarrerak Zumaiako Turismo Bulegoan, 10 euroren truke.
Buru-belarri entseatzen
Eñaut Elorrietaren kontzertuan San Pedro Abesbatzak eta Astindu Dantza Taldeko kideek ere hartuko dute parte. Ez da lehen aldia Elorrietak tokian tokiko elkarteekin elkarlana egiten duena, iaz Getarian Artzape Euskara Elkartearen alde emandako kontzertuan ere Getariako Elkano Abesbatzak eta herriko dantzariek parte hartu baitzuten.
Hilaren 27rako dena prest izan dadin, zumaiarrak hasiak daude entseguekin. Abesbatzako zuzendari Amaia Aldalurrek azaldu duenez, pasa den astean egin zuten lehen entsegua Eñaut Elorrietarekin batera, eta «oso esperientzia ona» izan zela iruditu zaio. «Berak pare bat abesti proposatu zizkigun, eta horiei forma emateko eta moldatzeko berarekin elkartu ginen. Guk egin genizkion proposamenei guztiz irekita dago, eta hori pozgarria da guretzat».
San Pedro Abesbatzak dagoeneko moldatu ditu bi abestiak, eta hilabete bukaera arte buru-belarri ariko dira horiek lantzen. Horretaz gain, beste pare bat aldiz bilduko dira Elorrietarekin, kontzertuaren egunean dena primeran atera dadin.
San Pedro Abesbatzako kideek aurreneko aldiz egingo dute elkarlana bakarlari batekin, baina «oso esperientzia aberasgarria» izaten ari dela uste du San Pedro Abesbatzako zuzendariak. «Guk gehienbat abesti sakroak eta profanoak kantatzen ditugu, baina bakarlari estiloko abestiak oso gutxi jorratzen dira abesbatzen munduan».
Hala ere, emaitza oso ona izaten ari dela uste du Aldalurrek. Horrelako proiektuetan giltza «jarrera baikorra» izaten dela uste du, eta Elorrietarekin lana egitea aberasgarria izaten ari dela azpimarratu du.