Zumaian Osinbeltzi buruzko hitzaldi bat eskainiko du bihar EAJk

Onintza Lete Arrieta 2015eko otsailaren 16a

Osinbeltz harrobia (Nerea Uranga/Hitza). Asteartean, 19:00etan izango da hitzaldia, Oxfrord aretoan. Zumaiako EAJk antolatu du, eta Javier Ansorena izango da hizlaria. Ansorena kimikaria da, eta Gipuzkoako Foru Aldundian Ingurumen zerbitzuen arduradun ohia da. Aldundiak Zestoako Osinbeltz harrobian hondakin geldoen zabortegi bat egin nahi du, hondakin sistema plan orokorraren barruan, birziklatzerik ez dagoen materia tratatu ondoren han gordetzeko. EAJ ez dago horrekin ados, eta Ansorenak eman ditu hainbat hitzaldi alderdi horrek gonbidatuta.
Hain zuzen, aurreko astean Zestoan izan zen Markel Olano EAJren Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaia. Joxe Mendizabal  Zestoako EAJko alkategaiarekin herriko hainbat toki bisitatu zituen, besteak beste, Osinbeltz harrobia.  Gipuzkoan zabortegi berririk ez irekitzeko konpromisoa hartzen zuela esan zuen : “ Osinbeltz harrobian zabortegia egiteko proiektua baztertuko dugu. Ezin da horrelakorik egin, eta gainera, legez kanpokoa da, Foru Arauaren eta gutxieneko ingurumen arauen kontrakoa da, eta ez du zerikusirik herrialde aurreratuenek hartutako konponbideekin”. Olano eta Mendizabal Osinbeltz plataformakoekin bildu ziren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide