Uneoro erabili ahalko dira Zumaian txip elektronikodun edukiontziak

baleike.eus Aktualitatea. 2015ko ots. 11a, 12:28

Zumaiako Udalak 60.000 euroko inbertsioa aurreikusi du hondakinak kudeatzeko sistema berriarentzat, eta hauteskundeen aurretik jarri nahi du martxan

Materia organikoaren edukiontzi bat (Hitza) Oraindik ez dago data zehatzik Zumaiako hondakinak kudeatzeko sistema berriarentzat baina, dena ondo bidean, hauteskundeen aurretik martxan izango dela espero du udal gober- nuak. Hurrengo egunetan bi deialdi egingo dituzte txip elektronikoak eta errefusaren edukiontziak kontratatzeko. Enpresek 15 eguneko epea izango dute eskaintzak aurkezteko. Bitartean, Udal Elkartearekin ari dira aztertzen edukiontziak non jarri. Orain 55 inguru dira errefusa biltzeko dauden edukiontziak, baina sistema berriarekin gehiago izango dira –txikiagoak dira–. Sistemaren ezaugarriak Papera, beira eta ontzi arinak biltzeko orain arteko sistemarekin jarraituko da. Errefusan eta organikoan daude aldaketak. Alde batetik, edukiontzi txikiagoak jarriko dira. Familia gutxiago izango dira edukiontzi bakoitzeko, eta gainera, bakoitzari dagokion edukiontzia baino ezingo da erabili. Horretarako txip elektronikoa izango dute bi edukiontzi horiek. Erabilera ez da mugatuko, edozein momentuan bota ahal izango dira hondakinak edukiontzira. Erabilera zuzena ote den kontrolatzeko sistema zorrotzik ez du eskaintzen kudeaketa modu honek. Herritarra behartzen du beti edukiontzi berbera erabiltzera, eta erabiltzaile gutxiago izango dira edukiontzi bakoitzeko, baina poltsa bakoitzaren jatorria pertsonalizatzeko aukerarik ez du ematen –hasiera batean baloratu zen poltsa bakoitzak erabiltzailearen kodea eramatea, baina sistema hura baztertu egin zen, oso garestia zelako–. Kale hezitzaile bat kontratatuko dute sistema ezartzen laguntzeko, eta zenbait hilabetez kalean izango da erabilera egokia sustatzeko. Ondoren, hondakin biltzaileen kargu geldituko da kontrolatzea herritarrek hondakinak ondo sailkatzen dituztela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide