Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtea joan eta urtea etorri, Aljeriako Tindouf eskualdeko kanpalekuetan jarraitzen dute Mendebaldeko Saharatik ihes egindako milaka errefuxiatuk. Basamortuaren erdian bizi dira eta kanpotik jasotzen duten laguntza ezinbestekoa zaie bizi ahal izateko. Zug herriarekin (Ausserd-eko daira) dago senidetuta Zumaia, eta bi herrien arteko lankidetza proiektuak gauzatzeko ardura du Darahli elkarteak.
Zumaiako Herri Eskolako eta Maria eta Jose Ikastetxeko ikasleek osatzen dute Darahli. Hiru urteko ziklotan antolatuta, Mendebaldeko Sahararen egoera aztertzen dute eskolan, eta hainbat lankidetza proiektu lantzen dituzte herrian –bilketak, erakusketak, hitzaldiak…–. Hiru urtetik behin, Tindoufeko errefuxiatuen kanpalekuetara joateko aukera dute, lankidetza proiektuak gauzatu eta hango errealitatea bertatik bertara ezagutzeko. Esperientzia ahaztezina da denentzat, sahararrek bizi duten errealite gordinaz jabetzeaz gain, haiek emandako berotasuna eta esker onarekin bueltatzen baitira etxera.
Eskolan eta herrian hiru urteko lanketa egin ondoren, aurtengo Aste Santuan kanpalekuetara bidaiatzeko aukera izango dute Darahliko 72 gaztek. Proiektu gehienak oso aurreratuta dauzkate dagoeneko. Eguzki plakak muntatu dituzte argindarra behar duten hainbat familiarentzat; Zug-eko eskola bat konpontzeko auzolandegi proiektua ere landu dute; eta sendagaiak eta eskolarako materiala ere ari dira biltzen; baina arazo gehiago ari dira izaten senidetze kanpainarekin.
Premia handia duten Zug-eko 30 familia zumaiarrekin senidetzeko konpromisoa hartu zuen Darahlik Zugeko agintariekin. Urtean familia bakoitzari 100 euroko ekarpena egitea da xedea, eta hilabete daukate helburua betetzeko. Lagundu nahi izanez gero, jarri harremanetan Darahlirekin (659-758248 edo darahlizumaia@gmail.com). Kontu korronte bat ere zabaldu dute, norbaitek diru ekarpena egin nahi badu (La Caixa: 21004248662100147895).