Beizama eta Aiako ur saneamenduak egiteko akordioa sinatu dute

Nerea Uranga 2015eko otsailaren 5a

Aurten hasi eta 2017ra bitartean Gipuzkoan hainbat ur saneamendu lan egiteko hitzarmena sinatu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak. Denera, 10.500.000 euro bideratuko dituzte bi erakundeek erdibana. Besteak beste, Beizaman eta Aian egingo dituzte lanak: Beizamako saneamendurako 510.000 euro aurreikusi dituzte eta Aiako saneamenduaren bigarren faserako 2.065.000 euro. Hitzarmenaren berri ematearekin batera, Eneko Etxeberria Gipuzkoako Ur Kontsortzioko presidenteak gogorarazi du, 2007an Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ur Kontsortzioak hitzarmen bat sinatu zutela Gipuzkoan hainbat lan egiteko. Ordea, Jaurlaritzak oraindik hitzartutako 41,5 milioi euroko inbertsioa egiteko daukala: "Eusko Jaurlaritzak Abiadura Handiko Trenaren gainean hartutako konpromisoak betetzeko eskatzen dio ia egunero Espainiako Gobernuari. Baina, bien bitartean, 41,5 milioi euro zor dizkie gipuzkoarrei". Hala, Jaurlaritzari hitzemandako inbertsioa egiteko eskatu dio Etxeberriak: "Bada garaia Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoarekin duen konpromisoa betetzeko. Foru Aldundiak eta Ur Kontsortzioak bete dugu geurea, eta Jaurlaritzak gauza bera egin behar du, lehenbailehen". 2007an egindako hitzarmenarekin lotuta eta egin gabe dauden inbertsioen artean Zumaiako Oikiako saneamenduari dagokiona egongo litzateke, 3.000.000 euroko kostua duena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide