http://youtu.be/IU8woZVODB8
Maiatzean zortzi urte beteko dituzu Zumaiako alkatetzan. Berriro hautagai bezala ez aurkeztea erabaki duzu. Zergatik?
Nire erabakia da, politikoki pentsatzen dudalako, pertsona batek kargu batean bi agintaldi baino gehiago ez lituzkeela egin behar, ona delako epemuga bat izatea kargu batean. Azkenean, kargu publikoak herritarrei begirakoak dira, eta uste dut partaidetza sustatu nahi badugu, jendeak epe iraupen bat eduki behar duela kargu publiko jakin batzuetan, nahiz eta legez araututa ez egon. Maila pertsonalean ere neurriko etapa bat dela uste dut.
Politika txikitatik bizi izan duzu, aita ere Zumaiako alkate izan zenuen. Alkate izan aurretik ere, Zumaian zinegotzia izan zinen Eusko Alkartasunatik.
Txikitatik gustatu zait politika, beti eduki dut grina politikarako. Pertsonak garen neurrian, bakoitzak bere gustuak eta ezaugarriak ditu, eta nik politika beti bizi izan dut, batez ere abertzaletasun munduari begira. Ni zerbait banaiz abertzalea naiz, euskalduna naiz, eta hortik eratorrita herri politika egiteko modu zehatz bat ikusten dut, ezker ikuspegi batetik. Zentzu horretan, ondoren kargu publiko bat izatea naturaltasunez egokitu zait, baina hori ondorio bat da. Funtsa ideologi bat izatea da, herria ikusteko ikuspegi molde bat izatea. Zentzu horretan, naturaltasunez jardun dut politikan, batzuetan atzean, eta orain aurrean egotea egokitu zait. Ondoren, ikusiko dugu, baina politikan segituko dudala argi daukat. Atzean egon nintzen bezala, etorkizun batean ere hala jarraituko dut.
Politika modu positiboan ikusten duzu, baina gaur egun politikoek ez al dute sinesgarritasuna galduta?
Askotan diot, merezita ere badugula agerian jartzen diren hainbat kasu ikusita, batez ere Espainia mailan. Baina, lurralde ikuspegitik begiratuta, uste dut inor ez ginatekeela libratuko: pentsatzen dut hemen ere kasuak egon egongo direla, nahiz eta azaldu ez diren. Zentzu horretan, izen ona galduta dago, eta gizartearen pentsatzeko era eta moldeak ere asko aldatu dira. Zoritxarrez, jende asko hurbildu da politikara, ideologi zehatz bat aurrera eramatea helburu izan gabe, interes pertsonal batzuk gainetik jarrita. Hori agerian dela, jendeak politikarekiko nazka adieraztea ulertzen dut. Baina, era berean, tranpan ere ezin dugu erori. Garrantzitsua baita, bakoitzak jakitea zer nahi duen herri honentzat, eta horretan ekarpena egitea. Politika eta herrigintza egiteko era asko daude, eta zentzu horretan, jendea herrigintzan jarraitzera animatuko nuke. Zorionez, herritar asko daude herrigintza egiten, politika egiteko era modu desberdinetatik ulertuta, eta animoak ez galtzeko esango nieke.
Alkate bezala egindako bi agintaldiak zertan izan dira desberdinak?
Egoera politikoa zerbait desberdina izan da bietan. Aurreneko agintaldirako Eusko Alkartasunaren izenean aurkeztu nintzen, eta orduan, hauteskundeen ondoren, zatikatutako udal bat izan genuen, alderdi denak indar kopuru aldetik nahiko orekatuta geunden, eta aurreko agintalditik gentozen pertsona berdintsuok segitzen genuen. Pertsona berdintsu horiek, aurretik zetorren gobernatzeko era batere gustatzen ez zitzaigun ikuspegi amankomun bat geneukan. Hori dela-eta, udal honetan aldaketa bat egotea erraztu genuen. Akordiora iristeko ahalmena izan genuen, eta eskutik helduta bide berri bat hasi genuen: EAk, ezker abertzaleak eta Ezber Batua-Aralarrek. Udal gobernua ezker abertzaleak eta EAk osatu genuen, eta oposiziotik Ezker Batua-Aralarren laguntza izan genuen hainbat gaitan. Oposizioan, EAJ eta PSE-EE gelditu ziren. Tentsio handiko urteak izan ziren. Gainera, gu berriak ginen, eta gauzak beste era batetara egin nahi genituen, zerotik hasita. Gero, gure gobernukideen aldetik pertsona bat apartatu egin zen, eta horrek egoera gehiago larriagotu zuen; gehiengo absolutua gutxiengoan gelditu zelako.
Eta, oraingoa bestelakoa izan al da?
Agintaldi hau zeharo desberdina da. Bildu koalizio bezala aurkeztu, eta zorionez boto kopuru eder bat jaso genuen. Gero, Aralarrekin akordio bat egin, eta gehiengo absolutuaz baliatzeko aukera izan dugu. Aurrekotik alderatuta, gobernatzeko beste erraztasun bat izan dugu. Pertsonak ere aldatu egin ziren, nahiz eta nik buru bezala jarraitu, horrek aldaketa bat eta beste dinamika bat ekarri zuen. Ikuspegi desberdinak eta epe bakoitzean gai desberdinak tratatzeko aukera izan dugu.
Agintaldi honetan krisia eta hondakinak izan dira kalean oihartzun handia izan duten gaiak. Udalaren barruan ere horiek izan al dira gai korapilatsuenak?
Gaietatik garrantzitsuenak izan dira, baina ez bakarrak. Bigarren agintaldi honetan, hondakinen gaia gai garrantzitsuetako bat izan da. Krisia aipatzen duzula, nik 2007an hartu nuen alkatetza eta krisia hain zuzen 2007-2008an hasi zen. Zoritxarrez, batik bat horrek asko baldintzatu du aurrekontuak egiteko garaian. Aurrekontuak egiteko orduan ez da berdina ikustea urtetik urtera diru sarrerak jaisten ari direla, edo aurretik eduki zuten aukera hori, alderantzizkoa zena: aurreikusita baino diru sarrera gehiago izatea. Orain ematen du krisiak lurra jo duela. Baina ez dakigu susperraldia nolakoa eta zenbatekoa izango den. Baina, bi gai horiez gainera, beste hainbat gai izan ditugu udal honetan: frontoia, Zumaia Lantzen, auzoen eraberritzea...
Alkate sartuta bizitza asko aldatu al zitzaizun?
Ez daukat gogoan nire bizitzan talka bat izan zenik. Aldatu zuen nire bizitza, baina beste edozein herritar lanez aldatzen denean bezalaxe, pentsatzen dut. Egia da, nire lan hau publikoa dela eta publikoa den heinean herritarren ahotan edo jomugan nagoela. Kalera irten eta publikoa zara. Baina, neurri batean, nahiko ondo eraman dut. Gero, jomugan egoteak daukana da hau edo hori esan dutela, eta kasu horretan, segun zer den, ez dut oso ondo eraman, baina beno.
Loa askotan galdu al duzu?
Ez gehiegi. Hau edo bestea esan dutenaren kontuak ez dit loa asko galarazi. Beste gai batzuek gehiago eragin didate loan: udalean aurrera atera ezina...
Alkate izateak zer eman dizu?
Herritarrekiko ikuspegi bat eman dit. Herri osoa, ikuspuntu desberdinetatik, atalaiatik edo mendi magal batetik ikusiko banu bezalako ikuspegia eman dit: zer dagoen, zer jende dagoen, zer lan egiten duen eta herritarrak nolakoak diren, zenbat herritar mota dauden eta ez dauden. Maila pertsonalean asko ikasi dut, zenbat pertsona mota eta zer pertsona desberdin dauden. Horrek balio izan dit, eta alde horretatik, asko ikasi dut. Desengainu batzuk eraman ditut, garrantzitsuak. Baina poz batzuk ere eraman ditut, ez nuelako uste pertsona bat edo beste horrela portatuko zenik. Ikuspegi soziologiko horretatik ikasgai pertsonal garrantzitsua daramat.
Zeure buruaren kontrako erabakirik hartu al duzu, zu kide zaren EH Bildu koalizioak hala nahi izan duelako?
Ez, ez dut hartu. Udal gobernu taldea astero biltzen gara, eta gai batzuekiko ikusmolde desberdinak eduki ditugu, normala den bezala. Zentzu horretan, nire gobernukideek izan ez duten ikusmolde desberdin bat izan dut gai batean edo bestean, baina oso gai gutxi izan dira, eta berebiziko garrantzia izan ez dutenak. Ikuspuntu desberdinak egon dira, normala da, eta horrela behar du gainera, bestela seinale txarra izango litzateke.
Datorrena datorrela, udala lasai utziko al duzu?
Ni neure buruarekin oso lasai nago. Gauza batzuk beste era batera uztea nahiko nuke, esaterako hondakinen gaia askoz lotuagoa utzi nahiko nuke, nahi dut ahalik eta lotuen lagatzea, eta Zumaia Lantzen-etik udalera eratorritako zorraren berfinantzazioa ere lotuta utzi nahi dut.
Alkatetza utzi ondoren, zer egingo duzun pentsatuta al daukazu?
Ez dakit.
Ordea, politika uztea ez duzu alde batetara utzita, ezta?
Ez, ez dut baztertzen aukera hori.
Baduzu zerbait buruan?
Ez, ez. Eta benetan esaten dut, egia absolutua esaten dut. Gauza batzuk pentsatzen ari naiz, baina maila pertsonal bateko kontuak dira. Baina, bizitza profesionaleko kontuak nora eramango nauen ez dakit.
PROIEKTUEN ERREPASOA:
Gustura zauden proiektuak eta ekintza?
Frontoia. «Frontoia egin ahal izatea da bat. Bere garaian buruhauste handiak eman zizkigun: krisia eta udal aurrekontuak, promotorak eta frontoia egiteko zeuden hirigintza hitzarmenak... tarteko. Hori dena kontuan izanda, orain dela urte batzuk ez nuen garbi frontoia gauzatzen ikusiko nuen edo ez, eta gaur da eguna frontoia egiten ari dena, zorionez. Oraindik ere bere zailtasunekin, frontoi bat egiteak bere zailtasunak dituelako, baina aurrera doa, eta ez da gutxi».
Zumaia Lantzen. «Aurreko agintaldietan berebiziko garrantzia izan du Zumaia Lantzen-ek. Hau etorkizunarekin lotuko dut: likidazio prozesuan jarri dugu orain dela gutxi, eta Zumaia Lantzen-etik eratorrita hiru milioi euroko zorra daukagu; baina, ez guk eragindakoagatik hain justu. Horiek udalera ekarriko ditugu udalak kudeatu ditzan. Udala berfinantzaketa bat lortzen ari da banketxeekin, eta lortu dugula esango nuke: horrek udal aurrekontuetan beste arnas bat hartzeko aukera emango du. Ondorengoei ondo berfinantzatuta eta beste baldintza batzuekin utzi nahiko nieke. Zumaia Lantzen-ek zituen ondasun eta jarduerak era zuzen batean udalak kudeatuko ditu. Horretaz ere harro nago: bere garaian elkarte autonomo hori beste era batetara kudeatu behar zela esan genuen, eta lortu dugu».
Auzoak. «Auzoetara iritsi izanarekin ere gustura nago: Jadarre eraberritu genuen; Narrondon ere bidegorria egiteko aukera izan dugu. Oikiara ere iritsi gara, eta gehiago iritsi behar dugu. San Josen ere plan berezia egin eta onartu berria daukagu, eta dagoeneko obra batzuk egiten hasi gara. Espero dut hori hasiera izatea, aurrerago beste batzuk egiteko; baina, horrek ere bere dirua beharko du. Beste auzo batzuetara gehiago iritsi behar dugu, eta horietako bat Estazioa da».
Alondegia. «Alondegian, krisia eta diru kontuak tarteko, baina kultur etxe berri bat egiteko aukera izan dugu, eskaintza bat aterata».
Moila. «Moila eraberritzeko aukera ere izan genuen, Mendaro Marinela eta Txomin Agirre kaia artean. Hainbesteko mugimendua egon ondoren, berriro lurra konpondu beharra dago, eta Kosta Zuzendaritzarekin harremanetan gaude, neurri handi batean euren ardura delako».
Parte hartze prozesuak. «Abian jarri eta egin ditugun parte hartze prozesuak ere nabarmenduko nituzke. Horien bitartez, besteak beste, Beheko Plaza eraberritu dugulako».
Santio eta Urola Itsasadarra. «Plan berezi bat egin eta onartu dugu. Horretan buru-belarri Ingurumen batzordeburu Aitor Leitza ibili da».
Lantaldea. «Proiektu eta ekintza denak, lantalde bati eta taldean egindako lanari esker izan da. Lantaldean hitz eginda, udal gobernura ekarri eta beste alderdi politikoekin ere saiatu gara lotzen. Zentzu horretan, oposizioan daudenen ikuspegia nik daukatenetik erabat desberdina izango da, baina gu behintzat saiatu gara alderdi politikoekin gauzak lotzen. Borondatea egon den edo ez, beste kontu bat da».
Arantzarik?
Gehiago eta azkarrago. «Gauza gehiagotara iritsi ez izanaren arantza gelditzen zait, baita gauza batzuk azkarrago egin ez izanarena ere».
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide