Afrika, Zumaiako Inauterietako kalejiran

baleike.eus Aktualitatea. 2015eko urtarrilaren 28a

Zumaiako Inauterietako kalejira aurkezten (Gorka Zabaleta/Baleike). Inauteriei hasiera emateko kalejira antolatzen du Musika eta Dantza Eskolak urte batzutatik hona. Urtero gai bat aukeratzen dute, eta horren bueltan antzerkia, dantza eta musikarekin osatutako ikuskizuna prestatzen dute eskolako irakasle, ikasle eta gurasoekin. Aurten, otsailaren 13an izango da kalejira, 18:30ean Musika Eskolatik abiatuta, eta Afrika da aukeratu duten gaia. Kalejiran edonork har dezake parte, ez da beharrezkoa Musika Eskolako kide izatea. Hori bai, aldez aurretik egingo diren entseguetan parte hartu behar da. Bi saio izango dira, otsailaren 11n eta 12an, Torreberrin (18:30ean). Horrez gain, kalejirarako jantziak prestatzeko tailerra ere antolatu du Musika Eskolak. Otsailaren 2an, 5ean, 9an eta 10ean izango da, 17:30etik 19:30era, Musika Eskolan. Gainera, kalejirako parte-hartzaileek askari goxoa izango dute kalejira hasi aurretik, 17:00etan, Musika Eskolan bertan. Ubillos jauregitik Kofradiako plazaraino izango da kalejira. Kofradian txupinazoa botako dute Inauteriei hasiera emateko. Txalaparta, dantzariak eta joaldunak egongo dira festa hasiera girotzeko. Ondoren, Erribera kaletik Beheko Plazaraino joango dira kalejiran, eta Odieta frontoian egingo dute ikuskizuna. Antzezlanean Inazio Tolosak, Esti Curielek eta Telmo Iruretak ere hartuko dute parte, baita Elena Iruretak ere, bere lan agenda estuan tarte bat aurkituz gero. Dantzari dagokionez, ikasleez gain Amancay Gaztañaga etorriko da Zestoako ikasleekin, eta Marie Tourek eta Anne Agirrek Afrikako doinuak dantzatuko dituzte. Amaieran, Tiktara taldeak kontzertua eskainiko du. Kartel irabazlea Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa Maddalen Arzallusek irabazi du. Parte hartu duten 22 kartelak ikusgai jarriko dira Alondegian bihartik otsailaren 17ra, erakusketan jasotako botoekin herritarren saria erabakitzeko. Bestalde, otsailaren 16an Pirritx eta Porrotxen ikuskizunera joateko sarrerak salgai daude Alondegian. 15:00etako saiorako sarrerak bakarrik gelditzen dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide