Asteazkenean bilduko da Zumaian Berdintasun Foroa

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 12a

Etzi 18:00etan egingo du bilera Berdintasun Foroak Alondegian. Berdintasun Sailetik nabarmendu dute aurtengo erronketako bat zumaiarrak forora erakartzea dela; horrregatik herritarrak bileran parte hartzera animatu nahi dituzte. Besteak beste, Berdintasun Plan berria aurkeztuko dute eta martxoaren 8rako, Emakumeen Egunerako, egitaraua prestatzen hasiko dira. Abenduko udalbatzarrean onartu zuten Zumaiako II. Berdintasun Plana eta  2015-2018 urte bitartean izango da indarrean. Helburua Udaleko arlo guztietan berdintasun politika eraginkorra egitea da eta horretarako zeharlerrotasunaren ikuspegitik  landu dute plan berria; hau da, Udalaren arlo eta zerbitzu guztiek kontutan hartuko dute berdintasuna. Lau urterako ekintza plana da eta urtez urteko helburu eta ekintzak zehaztu dira. Zumaiako II. Berdintasun Plana herriak bere izatea nahi dute Berdintasun Sailak eta Zumaiako Udalak; horretarako parte-hartze prozesuen bidez osatu dute plana. Bilerak egin dituzte herritarrekin, udaleko teknikariekin, udaleko ordezkariekin eta alderdi politikoekin. Modu horretan denen iritzia eta ekarpenak jaso nahi izan dituzte. Lau urtetan zehar bete nahi diren helburuak eta horiek lortzeko ekintza plana zehaztuta badago ere, eragileek jakin badakite planak malgua izan behar duela momentuko egoerei erantzuteko. Horregatik, Zumaiako II. Berdintasun Plana 2015-2018 etengabe "berrikusiz, berrituz eta moldatuz" joango den plan dinamikoa izatea nahi dute. Egitasmoak Udalak eta eragileek elkarlanean antolatuko dituzte, eragileen arteko sinergiak aprobetxatu nahi dituzte eta koordinatuta elkar zapalduko ez diren ekintzak antolatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide