Hamasei taldek artu dute parte larunbat eta igandean jokatutako Zumaiako Alebin Nesken Gabonetako Futbol Txapelketan. Zumaiarrak larunbatean jokatutako hiru partidetan gailendu ziren, Ondarroako Aurrerari 7-1, Zarautz B-ri 3-0 eta Amaikak Bati 5-0 irabazita. Igandean Touring taldearen aurka jokatu zuten final-laurdena, eta azken minutuan lortu zuten errenteriarrek partidua bana (1-1) berdintzea. Penaltietan lortu zuten zumaiarrek finalaurrekoetara pasatzea. Eibarren aurka 1-0 irabazi ostean finala Lagun Onak taldearen aurka jokatu zuten. Finala oso berdindua izan zen eta bukaerako emaitzarekin, bana partidu honetan ere bai, berriro penaltietara jo behar izan zuten. Hiru penaltiren ostean berdinketa mantentzen zen, baina laugarrenean erabaki zen finala Zumaiako alebin nesken alde. Hirugarren postuan S.D. Eibar sailkatu zen eta laugarren postuan Mutriku. Txapelketako jokalaririk onena Zumaiako Futbol Taldeko Libe Eizagirre izendatu zuten. Sari banaketan Real Sociedad nesken taldeko Eguzkiñe Peña eta Ainara Manterola jokalariek hartu zuten parte, Zumaiako Alkate den Iñaki Agirrezabalaga eta Gipuzkoako Futbol Federazioko ordezkariekin batera. Zumaiako Futbol Taldeko zuzendaritza batzordea oso pozik dago bi egun hauetan Aita Mari futbol zelaian sortu den giro politarekin eta neskek erakutsi duten futbol maila eta jarreragatik. Eskerrak eman nahi dizkiete baita ere partidak ikustera gerturatu diren zaleei eta antolaketa lanetan aritu diren Zumaiako Futbol Taldeko 40 laguntzaileei.