Zumaiako gazteen ekarpenekin mikromatxismoen bilduma osatu du Ernai taldeak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko abenduaren 17a

Maddi Altuna eta Oihan Urkidi mikromatxismoen bildumarekin. Zumaiako Ernai taldeak mikromatxismoen bilduma digitala osatu du zumaiarren ekarpenekin. Izan ere, gazteen iritziz parekidetasuna modu formalean, legeei dagokionean, barneratuta dago gizartean, baina arlo informalean lan asko dago oraindik egiteke. «Oso pertsona gutxi agertuko dira parekidetasun formalaren aurka eta gertatzen bada oso gaitzetsita dagoen jarrera da» azaldu dute Oihana Urkidi eta Maddi Altuna Ernaiko kideek. Parekidetasun formalak onurak ekarri dituela ez dute zalantzarik bi gazteek, baina era berean «konformatzea» eragin duela ere iritzi dute. Egunerokoan ehundaka arazo eta gertakari «matxismoaren seinale» dira eta horiek identifikatu nahi izan dituzte. «Egunero gertatzen direnez horietaz ohartzea oso zaila izaten da, normaltzat hartzen ditugulako. Mikromatxismo izena hartzen badute ere ez dute garrantzi gutxiago eta horregatik egin nahi izan dugu hausnarketa». Mikromatxismoen bilduma osatzeko zumaiarren parte-hartzea ezinbestekoa zela uste zuten Ernai taldeko kideek. Horretarako, gazteak biltzen diren guneetan koaderno hutsak utzi zituzten, mikromatxismoen inguruko azalpen txiki batekin. «Gazteei eman nahi genien hitza, askatasunez beren iritzia eman zezaten. Prozesu osoan zehar gazteek koadernoetan idatzi eta marraztu dute. Beste batzuk, testu edo irudiak inprimatu eta koadernoan ere itsatsi dituzte» azaldu dute. Oso gustura daude antolatzaileak emaitzarekin eta askatasuna emateak ekimenari aniztasuna eman diola uste dute. Behin mikromatxismoak identifikatuta, hurrengo hurratsa horiek gainditzeko lanketa da; taldeko lanketa eta norbanakoek etxean, eskolan, bikotean edo lagun artean egin dezaketen lanketa hain zuzen ere. «Kontzientziazio lanak jarraitu egin beharko du. Iruditzen zaigu eraso guzti horiei erantzuteko bidea emakumeon ahalduntzea dela eta hori lortzeko tresna femisnimoa da; feminismoak erasoak identifikatzeko eta  horiei erantzuna emateko baliabideak ematen baitizkigu» aldarrikatu dute Urkidik eta Altunak. Ildo horretan, emakumeak biltzeko, esperientziak partekatzeko eta hausnarketarako guneak oso interesgarriak direla uste dute. «Zumaian esaterako Asanblada Feminista martxan da; gai desberdinen inguruan talde lanketa egiteko gune aproposa». BILDUTAKO MIKROMATXISMOEN ADIBIDEAK -Arropa garbitzeko edo argaltzeko produktuen iragarkiak emakumeei zuzenduak egotea. - Sofan, ohean, mahaian... gizonak emakumeak baino espazio fisiko gehiago hartzea. - Haurren jostailu dendetan sukaldeak, erratzak, panpinak... neskei zuzenduak egotea. - Emakumeen gorputzeko ileak higienikoak ez direla pentsatzea. - Dendetan 36-42 arropa neurriak saltzea, hortik kanpo geratzen diren emakumeak erredun sentiaraziz. - Emakumeen hitzari garrantzi gutxiago ematea. - Emakumeen ezintasun edo haserreen aurrean paternalismoekin jardutea. - Nesken artean mutilen onespena lortzeko lehiak. - Eredu estetiko hegemonikoei men egitea. - Emakumeen eztabaidei garrantzia kentzea «histerika» batzuk direla esanez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide