Duela lau urte iritsi zen Begoña Bernal (1966, Bilbo) Zumaiara bizitzera. Bizimodu berriari ekin dio bertan, eta artean murgildu da bete-betean. Bere lehen erakusketa zabaldu du, eta lanak ikusgai daude abenduaren 25era arte Alondegiko Oxford aretoan.
Zer aurkituko dute herritarrek Made in Zumaia erakusketan?
Erakusketarekin Zumaiari omenalditxo bat egin nahi izan diot; zumaiarrei, inguruari, bertako geologiari eta Zumaia bereizten duen guztiari. Horretarako, lehenik eta behin herrian zehar argazkiak atera nituen, eta irudi bakoitza neure erara moldatu dut gero, artelan bat sortu arte. Baina lan batzuk bere horretan erakutsita, ez da antzematen zer diren jatorrian; erabateko transformazioa jasan dute, elementu baten zati bat irudikatu nahi izan dudalako edo irudia oso gertutik hartu dudalako. Horregatik, herritarrei sormen prozesua erakusteko ikus-entzunezko bat ere ikusgai jarri dute erakusketan, hura hobeto ulertzeko.
Zer gai jorratu dituzu?
Erakusketaren zati handi batean estratigrafiak landu ditut. Fosilek haitzetan aztarna oso txikiak uzten dituzte, flysch-a bera horietakoz beteta dago, eta zapaltzen dugun lurra ere bizidunen fosilez osatuta dago. Kontzeptu horretatik abiatuta, egituren inguruan osatu dut erakusketa honen zati bat.
Zure lanak ba al du berezitasunik teknikari dagokionez?
Oso anitza da. Lan batzuek bolumena dute, materia asko dago, arrasteak, ebakiak eta aztarnak daude. Erakusketako lan bat, esaterako, ontziolako ontzietan oinarrituta dago. 1x1 eskalan ontziaren zati bat irudikatu dut, formarik ez du; oxidoak ikusten dira, eta horiek parafina beroarekin egin ditut galipot itxura hartzen baitu. Beste obra batzuek idatziak ere badituzte. Batzuetan zirriborro hutsak dira eta ezin dira ulertu. Baina, horien artean, badago bat
Debaganari izenburua duena; hori sanskrito hizkuntzan idatzita dago.
Erakusketa hau zure lanaren jarraipena da, ala zerbait berria egin nahi izan duzu bertarako?
Lehen beste bizimodu bat nuen. Artean lizentziatua eta ikus-entzunezko komunikazioan aditua naiz: irudi sintetikoan espezializatua, hain zuzen ere. Urte askotan publizitatean eta komunikabideetan lan egin izan dut: enpresak, kanpainak eta bezeroak izan dira nire egunerokoa. Duela lau urte Zumaiara etorri nintzen bizitzera, hainbat arrazoigatik nire bizitzan aldaketa bat eman nahi nuelako. Azken urteetan nire pasioa berriz hartu dut: sormena bere horretan. Orain arte ez nintzen ausartu horretara, oso artista onak ezagutzen ditut eta nire lana azaltzeak beti errespetu handia eman izan dit. Zumaian, berriz, jende eta giro desberdina ezagutu dut, eta horrek nire ikuspegia aldatu du eta erakusketa egitera animatu naiz. Barruan dudana atera dut, eta oso gustura nago.
Zure lehen erakusketa bada ere, ibilbide luzea duzu atzean, beraz.
Bai. Nik lan asko egin dut sortzaile bezala, baina beste tresna batzuk erabiltzen nituen iraganean. Beti izan naiz irudi sortzailea, baina lehen ordenagailua erabiltzen nuen, eta orain pintzela erabiltzen dut. Gainera, lehen taldean egiten nuen lan eta, orain, berriz, bakarka; desberdina da, ordutegirik gabeko lana da, eta ardura handia da.
Zer moduzko harrera izan du erakusketak?
Oso harrera ona izan du, bai herritarren artean, bai adituen aldetik. Nik hasiera batean ez nuen asmo handirik, nire lana erakustea zen helburua. Dena dela, izan duen harrera ikusita, beste areto batzuetan erakutsi nahiko nuke nire obra eta, ahal badut, artearen merkatuan sartzen saiatuko naiz. Artearen mundua oso ondo ezagutzen dut, eta badakit aukera asko daudela, baina horretara iristeko lan asko egin behar da aurrena. Konstantzia oso garrantzitsua da.