Festa handia ospatu nahi dute bihar Afrikatik Zumaiara bizitzera etorri direnek. Zumaiako Afrikarren Elkartea sortu berri dute, eta aurkezpen ofiziala egiteaz gain, herria busti nahi dute dantzekin, kantekin eta jai giroarekin. «Herritar guztiak daude gure festara gonbidatuta. Arratsaldean hasiko da eta iluntzera arte iraungo du», aipatu dute erdi barrez Sire Damba eta Mari Toure elkartearen lehendakariak eta lehendakariordeak.
Zumaian bizi diren 7-8 familia afrikarren isla dira bi emakumeak. Damba orain 14 urte etorri zen bizitzera Oikiara Senegaldik. Toure, berriz, duela 5 urtetik bizi da Zumaian, eta Gineakoa da izatez.
«Gu atzerritarrak gara. Herrialde ezberdin batera etorri gara bizitzera, baina nahi dugu ezagutu hemengo ohiturak, ideiak eta kultura, orokorrean, eta bertako partaide izan nahi dugu» azaldu du Tourek. Horretarako, baina, zailtasunak aurkitu zituzten hasieran. Dambak azaldu du beren helburua zein den: «Komunikazioa, errespetua eta integrazioa lortu nahi ditugu bertako herritarrengandik, baita Zumaian bizi diren beste atzerritarrengandik ere. Gure seme-alabak oso integratuak daude, bertakoak dira, euskaraz hitz egiten dute eta hemengo lagunak dituzte. Baina guri, helduoi, zailagoa egiten zaigu hemengo jendearekin harremanetan jartzea. Gure helburua elkar ezagutzea da, eta guztion artean sare bat osatzea». Horregatik, bakarka lan egin beharrean, elkarte gisa arituta lortu nahi dituzte helburuak.
Orainak eta etorkizunak aniztasunean bizitzea dakar, eta beraiek uste dute politan izan daitekeela beraien kultura euskal kulturaren barruan sartzea eta nahastea. «Urte asko daramagu hemen bizitzen, baina ezkutu samarrean egon gara. Bada garaia ekintzak elkarrekin antolatu eta herriko festa edo jaialdietan batera parte hartzekoa. Herriarentzat onuragarria izan daiteke, baita aberasgarria ere», esan dute.
Afrikatik datozenei babesa
Euskal kulturan integratzea da helburu nagusia, baina baita Afrikatik datozen pertsonei babesa ematea da ere. «Gutako gehienok kalean ezagutu dugu elkar, edo bestela umeen parkean, eta horrela zaila egiten da geure artean elkar ezagutzea eta adiskidetasuna sortzea. Horregatik, pertsona edo familia berri bat baldin badator Afrikatik, gure lana laguntza eta babesa ematea ere izango da», esan dute.
Elkartea sortzeko ideia Tourek eta lehendik ezagutzen zituen bi afrikarrek izan zuten. «Komentatu zidatenean baiezkoa esan nien, ideia oso ona iruditzen zitzaidala». Horrela, berak ezagutzen zituen beste batzuei esan eta urrian arkumearen festa antolatu zuten. «Horixe izan zen elkartearen lehen ekintza nagusia» esan dute. «Denok dirua jarri genuen, eta bi arkume hil eta jan genituen. Dantzatu genuen eta abestiak kantatu genituen eta jende asko hurreratu zitzaigun», gogoratu dute Tourek eta Dambak.
Pixka bat ezustean antolatutako jaia izan zen hura. «Horregatik, larunbat honetan antolatu dugun festara gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak. Gure arropa tipikoekin desfile bat egingo dugu aurrena, eta gero dantza egiteko eta abesteko tartea egongo da. Musika oso presente dago gure kulturan, eta jendeari danborrak jotzen irakatsi nahi diogu: makilak jotzen, dantza egiten… Hau guztia, janariarekin lagunduta izango da, gainera».
- Anitzak Gara kulturarteko topaketak:
Abenduak 16, asteartea
- 17:30ean. Aniztasuna lantzeko ipuin kontaketa:
Txanoak buruan eta ibili munduan. Kontukantoi taldea. Alondegian.
Abenduak 17, asteazkena
- 19:00etan.
Mamnou (Debekatuta) dokumentala gaztelaniaz eta solasaldia Amal Ramsis zuzendariarekin. Malen Etxeak antolatuta.
Abenduak 18, osteguna, Migratzaileen nazioarteko eguna
- 18:30ean. Mahai ingurua hainbat herrialdetako zumaiarrekin:
Zumaian, zer dakigu bizi garen 53 kulturei buruz? Badugu zertaz hitz egin! Alondegian, Oxford aretoan. Ondoren, arabiar janari eta edari dastaketa.