Zumaiako Bertso Eskolako kide Josu Mantzisidor (Izaskun Urbieta/Baleike).
Urtero moduan, Zumaiako Bertso Eskolak abian jarri du aurten ere
Bota bertso bat! lehiaketa Bertso Astearen barruan. Josu Mantzisidor bertso eskolako kideak kontatu du 2009az geroztik antolatzen den lehiaketa dela, eta iritzi dio azken urteetako egitasmo honek «arrakasta itzela» duela herrian. Horregatik, aurten ere antolatzea pentsatu dute bertso eskolako kideek. Horretarako, herriko hainbat tokitan utzitako kaxa gorrietan bota daitezke bertsoak, edo
zumaiakobe@gmail.com helbide elektronikora bidali egilearen datuekin. Kaxak utzi dituzte Alondegian eta Ttakun, Kabi, Metro, Trapaia, Inpernupe, Nikol eta Txikixa tabernetan.
Lehiaketa honen aurretik, hainbat urtetan bertso paper lehiaketa antolatu izan zuten, baina denborarekin indarra galtzen joan zen. «Bertso landuagoak izaten ziren, gaiak ere hori eskatzen zuen eta ia beti jende berak hartzen zuen parte. Orduan, formatua aldatzea pentsatu genuen, herritar mota zabalago batek ere parte har zezan», adierazi du Mantzisidorrek. Formula honek berehalako arrakasta izan zuen, eta iaz ere ehundik gora bertso jaso zituzten. «Era guztietako bertsoak aurkitzen ditugu, baina badira maila handiko bertsoak ere. Badakigu herrian bertan bertso bat idazteko pertsona askok duela gaitasuna». Lehiaketarako jartzen duten gaiak ere badu bere garrantzia. «Beti jokoa eman izan duten gaiak jartzen saiatu gara.
Zergatik ez?,
Noiz arte…,
Nahi nuke…,
Iritsi da,
Maite zaitut bezalako gaiak erabili izan ditugu. Estilo paretsukoak izaten dira, eta aurtengoa ere ildo horretatik doa, Ingo al deu? baita gaia», esan du.
Saria bi lagunentzako afaria izango da Marina Berri jatetxean, eta irabazlearen izena urtarrilaren 2an jakinaraziko dute. Bestetik, parte hartutako bertsoekin liburuxka bat osatu eta tabernetan utziko dute. «Jendeari gustatzen zaio irakurtzea, eta askok gorde ere egiten dute».
Bertso Asteko ekitaldiak
Gabonen bueltan antolatzen du Bertso Eskolak Bertso Astea. «Urtero ekintzak aldatzen saiatzen gara. Garai batean bertso poteoa egiten zen, gero bertso afaria egiten hasi ginen, hitzaldiren bat, gazteen saioa…». Aurtengo Bertso Asterako lehiaketa honetaz gain, Etxepare Rap ikuskizuna prestatu dute abenduaren 26rako Torreberri gaztetxean. «Urtarrilaren 2an, berriz, Eneko Dorronsorok estreinatu berri duen Xalbadorri buruzko dokumentala proiektatuko dugu Aita Mari antzokian. Eneko bera etorriko da Xalbador, izana eta izena lana aurkeztera. Egun horretan bertan emango dugu Bota bertso bat! lehiaketaren irabazlearen izena ere».