[caption id="attachment_115927" align="alignleft" width="225"]

Eneko Dorronsoro zumaiarra, hauteslekura sartzeko ilaran.[/caption]
Bartzelonako bi auzo desberdinetan bizi dira Eneko Dorronsoro eta Jonjo Agirrezabalaga zumaiarrak. Dorronsorok ez du bozkatu gaur ez baitago han erroldatuta. Agirrezabalagak eman du botoa. "Baiezkoa, uste baitut Katalunia ere, Euskal Herria bezala, beste herri bat dela eta bere bidea egiteko eskubidea duela". Dorronsororen bikoteak ere baiezkoa bozkatu du. "Hemen naturalago hitz egiten dute politikaz" Dorronsororentzat, eta herrikideak gehitu du "askoz gehiago" hitz egiten dela.
Bien ustez gaurko galdeketaren alde garrantzitsuena da parte hartzea handia izatea. Hor ikus ten dute gakoa.
"Gaurkoa ezer erabakigarria izan ez arren, Madrilek ikus dezala zer dagoen hemen", esan du Agirrezabalagak. "Argi dago baietza aterako dela, besteak etxean geldituko zirelako. Baina inportantea izango da botante kopurua".
Dorronsororentzat berri ona da gaurkoa. "Aurrerapausoa da egin izana bera ere, Espainiako Gobernuari kasurik egin gabe. Hori izan da inportantena".
Jendetza
Dorronsoro bozkalekura iritsi denean 40 minutuko itxaronaldia egin behar izan dute. Goiz partean izan da. "Ikurrina lepoan jarri dit bikoteak eta botoa emateko garaia iritsi denean berari jarri diot. Esan digute hurrena euskaldunon txanda izango dela".
[caption id="attachment_115929" align="alignright" width="225"]

Dorronsororen bikotekidea, botoa emateko unean[/caption]
Adineko jendeak ere ez du hutsik egin eta "boluntarioek ilaran egon gabe lagundu dituzte botoa ematera".
Giro lasaia sumatu du bere auzoan. Agirrezabalagak, berriz, giro alaia, jai giroa ikusi du berean. Baita jende pila bat ere.
Tankerik ez inon, Dorronsorori Euskal Herri aldetik gaaldetu dioten arren. Beldurtuta nabaritu ditu, Bartzelonan ere goizean komentarioak ba omen zeuden baina azkar lasaitu dira herritarren barruak.
Gaueko informatiboak adi-adi jarraituko dituzte biek.