Sasoian.info. Hondarribiarekin batera Gipuzkoako Txapelketa irabazteko faborito nagusia zen Orio, eta ez zuen hutsik egin. Igor Makazagaren mutilak bandera irabazteko gogoz uretaratu ziren Zumaian, eta bigarren urtez jarraian trapua altxatu zuten, klubaren ibilian hamargarrena. Estropada hastearekin batera aurretik jarri ziren, Hondarribia orpoz orpo zuela bi segundo eskasera lehen bi luzeetan. Estropadak aurrera egin ahala, aldea areagotzen joan ziren oriotarrak; hirugarren luzean bost segundo atera zizkion, eta azkenean, ia 7 segundoko aldearekin irabazi zuten. Orioren atzetik, hurrenez hurren, Hondarribia, San Juan eta San Pedro helmugaratu ziren.
Gizonezkoen bigarren txandan, KAE1 mailakoen lehian, Zumaia eta Getaria ziren faborito. Aurreko asteburuan getariarrek irabazi baldin bazuten ere, kasu honetan etxekoan nagusitu ziren; bi hauen atzetik Trintxerpe eta Donostiarra izan ziren, hurrenkera horretan. Sailkapen orokorrean, Zumaia bosgarrena izan zen eta Getaria seigarrena. Lehen txandan, berriz, Zarautz nagusitu zitzaion Hibaikari, eta sailkapen nagusian bederatzigarren postuan bukatu zuen.
Emakumezkoetan, San Juan eta Hibaika traineruetan jarrita zauden begi guztiak. Euskotren Ligan garaipen bana erditsiz eman diote hasiera, baina atzokoan San Juanek agindu zuen. Hibaikak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, 5 segundora helmugaratuz; Zumaiak hirugarrenarekin, 10 segundora; Getaria-Zarautzek laugarrenarekin, 15 segundora; eta, azkenik, Oriok bosgarrenarekin, 24 segundora.
Euskadiko Txapelketa, hilaren 31n Gipuzkoako Txapelketan ondoen aritzen diren traineruek Euskadiko Txapelketan lehiatzeko txartela lortzen dute. Atzoko estropadaren ondotik, gizonezkoetan lehen lau sailkatuak lehiatuko dira hilaren 31n Lekeition, Bizkaiko Txapelketako lehen lau sailkatuekin batera; hau da, Urdaibai, Kaiku, Zierbena eta Portugalete. Zumaiako gizonezkoek gutxigatik ez zuten lortu sailkatzea; laugarrena izan zen San Pedrok 60 ehuneko baino ez zion atera. Emakumezkoetan, Gipuzkoako Txapelketako lehen lau ontziak sailkatu dira Euskadikorako. Beraz, Zumaia eta Getaria-Zarautz hitzorduan izango dira bi aste barru.