[Sasoian.info] Gotzon Enbil eta Imanol Lopez puntista zumaiarrak protagonista izan dira Orlandoko Citrus Tournament txapelketa entzutetsuan. Enbilek (Dania Jai Alai) Atzelarien Banakako Titulua irabazi du, eta Lopez (Miamik Jai Alai), berriz, Binakako Txapelketan gailendu da, Aritz Erkiaga ispasterreko aurrelariarekin batera. Munduko pilotari onenak batzen dira urtero Orlandoko Citrusean, eta horien artean eskualdeko hainbat; aipatutako biez gain, Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak eta Ortzi Goiri Txasio zarauztarrak ere hartu zuten parte.
25 urte bete ditu aurten Citrus txapelketak eta, urtero bezala, jendez gainezka izan da frontoia asteburu osoan. Atzelarien Banakako Titulurako Lopez zen faborito nagusia, iazko txapelduna izateaz gain, egungo pilotaririk onena bezala hartzen dute adituek, atzelarien artean. Hala ere, Gotzon Enbilek hobeto jokatu zuen, huts gutxiago eginez, eta merezitako titulua lortu du. Bigarrena Larru markinarra geratu da, hirgarrena Cisneros mexikarra eta laugarren Manex Urtasun irundarra.
Binakako Txapelketan, Aritz Erkiaga eta Lopezek iazko titulua berrestea lortu dute. Erakustaldi bikaina eman du bikoteak, eta ez du aurkaririk izan txapelketan zehar. Euren atzetik geratu dira sailkapenean, hurrenez hurren, Angel eta Menex (Dania Jai Alai), Osa Goikoetxea-Cisneros (Miami Jai Alai) eta Solozabal-Enbil (Dania Jai Alai).