Lau edukiontzi erre dituzte gauean Zumaian

Baleike 2014ko maiatzaren 5a

Gaur goizaldean lau edukiontzi erre dituzte Zumaiako bi leku ezberdinetan. Lehenengo abisua goizaldeko 04:30ean jaso du Ertzaintzak, Txomin Agirre kaian zenbait edukiontzi sutan zeudela-eta, Caixa-ren bulegoaren parean. Horregatik, pareko etxebizitza blokeko bizilagunak kalera irtenarazi dituzte, badaezpada. Zorionez, sua azkar itzali dute ertzainek aurrena eta su-hiltzaileek ondoren, eta ez da bestelako kalterik gertatu. Hala, bizilagunak segituan itzuli ahal izan dute etxera. Bigarren sutea handik gutxira gertatu da, Basadi auzoan. Kasu honetan, bakarra da erretako edukiontzia. Jaietan bandalismo ekintzak Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, baina erabat baztertuta dute ekintzak motibazio politikoa duenik. San Telmo jaiak atzo gauerdian amaitu ziren, eta ziurrenik bandalismo hutsa izan da. Izan ere, aurten bandalismo ekintza ugari izan dira jaietan, Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Zumaiako jaietako lehenengo asteburuan, esate baterako, hainbat autotako ispiluak puskatzen eta edukiontziak iraultzen jardun zuen lagun koadrila batek. Hala ere, gertaera larririk ez da gertatu eta, alde horretatik, ezuste handirik gabe bukatu dira jaiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide