LABek Zarautzen ospatuko du eskualde mailan langileen eguna, eta ELAk Bilbon

Onintza Lete Arrieta 2014ko apirilaren 30a

Iaz Azpeitian egin zuten maiatzaren leheneko manifestazioa LABek deituta (Onintza Lete Arrieta/Hitza) M1 Urola Kostan GAUR, MAIATZAK 1
  • Zarautz. LAB sindikatuak Zarautzen egingo du Urola Kostako manifestazioa. 12:00etan egingo dute, Musika Plazatik abiatuta. Ondoren ekitaldi bat egongo da.
  • Zumaia. Gazte mugimenduak sortu berri duen Gazte Blokea egitasmoak bat egin du maiatzaren leheneko aldarrikapenekin, eta hainbat ekitaldi antolatu du biharko. 17:00etan mahai inguru bat egingo dute, eta 19:30ean, berriz, manifestazio bat abiatuko dute.
  Sindikatuen arteko batasunik gabe iritsi da aurten ere maiatzaren 1a, Langileen Nazioarteko Eguna. Nork bere aldetik ospatuko du gaurko eguna, eta aldarrikapenak ere bananduta egingo dituzte. ELAk Bilbon egingo du nazio mailako ekitaldia, iaz bezala. LABek eskualdeka, honek ere iaz bezala. Aurten Zarautzen egingo dute manifestazioa, eta ekitaldi bat izango da ondoren. Bilboko manifestaziora joateko autobusak jarri ditu ELAk, eta eskualdean hiru betetzea espero dute arduradunek. Autobusetako bat Oriotik abiatuta, Zarautzen, Getarian, Zumaian eta Arroan (Zestoa) jendea hartuta abiatuko da Bilbora. Bestea, Zestoatik hasi eta Azpeitian eta Azkoitian jendea hartuta. Jesusen Bihotzean elkartuko dira 11:30ean, eta ekitaldiaren ondoren, 12:00etan egingo dute manifestazioa. Eskualdeari dagokionez, kostaldean egingo dituzte ekitaldi esanguratsuenak. Urola bailaran, ekitaldi nabarmenik ez dute iragarri. Iaz, esaterako, Azpeitiko Elkar-ekin gizarte mugimenduak herriko hainbat eragilerekin mahai inguru interesgarria egin zuen, baina aurten ez dute saiorik egiterik aurreikusten, arduradunek HITZAri jakinarazi ziotenez. Kostaldean, Zarauzko ekitaldiez gain, Zumaian ere prestatu dute mahai inguru eta manifestazio bana. Gazte mugimenduak antolatu du, sortu berri duten Gazte Blokea mugimenduak, hain zuzen. «Jo-puntu berak elkartu gaitu: sistema kapitalista patriarkalak. Eta honen aurreko mugimendu zabal bat osatzea dugu helburu. Horixe da Gazte Blokea», azaldu dute ohar bidez. Hemendik aurrera egingo duten lana hiru erronketan laburbildu dute: sistemaren «erasoen» aurreko erantzuna da erronka bat; datuen kaleratzea eta kontzientziazioa bigarrena; eta alternatiben eta aukeren inguruko hausnarketa eta eztabaida sustatzea, hirugarrena. Bilgune Feministak ere egin du bere irakurketa langileen egunaren harira. Etxeko eta zaintza lanak eredu ekonomiko eta sozialaren erdigunean kokatu behar direla uste du mugimenduak. Egindako erreforma guztiak bertan behera gelditzea eta austeritateari ateak ixtea eskatu du, eta Euskal Herriko etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du, baita emakumearen papera ere horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide