Zumaian frontoia eraiki ahal izateko lurra mugitzen gaur hasiko dira

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko otsailaren 27a

Gaur hasiko dira frontoia eraikitzeko lanekin (Aiora Larrañaga/Hitza) Sei urte luzeren ondoren, gaur hasiko dituzte Zumaiako frontoia eraikitzeko lanak. Izapide administratiboak egiten aritu dira orain arte, eta pasa den astean lanak abiatu ahal izateko lursaila hesitu zuten eta Zumaiako Udaleko Hirigintza Sailetik jakinarazi dutenez, gaur lurra kentzen hasiko dira. Sukia etxe sustatzaileak eraikiko du frontoiaren eraikina. Etxegileak pilotalekua eraikitzeko jarri zuen baldintza Ardantzabideko 26 etxebizitza saltzea izan zen; abenduan iritsi ziren kopuru horretara, eta pilotalekuaren lanak lehenbailehen hastea zen etxegilearen eta udalaren nahia, hainbat urtetako arazoari amaiera emateko. Toki Arkitektura enpresak egin du proiektua, Ibon Goikoetxea eta Amaia Casadoren gidaritzapean. Inguruaren hiritartze lanak eta obra zuzendaritza, berriz, udalak egingo ditu. Zumaiako Udaleko Hirigintza Sailetik jakinarazi dutenez, «frontoia erabili ahal izateko inguruko hiritartze lanek eginda egon behar dute, gutxienez fase batek behintzat». Hala ere, hasiera batean frontoia eraikitzen hastea da asmoa, eraikina bera egiten, alegia. Aurrerago, ikusten ez diren inguruko azpiegiturekin jarraituko dute; saneamendua, ura, argi-indarra sartuko dituzte eta hori amaitutakoan frontoiaren ingurua hiritartuko dute. Hirigintza Sailetik jakinarazi dutenez, «18 hilabeteko epea izango du etxe sustatzaileak frotoia eraikitzeko», eta epeak behar den bezala beteko direla uste dute arduradunek. 2007ko azaroan Odieta bota zutenetik, pilotalekuak eztabaida eta haserre ugari sortu ditu zumaiarren artean. Udalak gatazka konpontzeko bide desberdinak aztertu izan ditu hainbat urtetan, eta azkenean Sukia etxe sustatzailearekin egindako hitzarmena gauzatu egingo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide