Gipuzkoako Boxeo Txapelketako finala jokatuko dute larunbatean Zumaian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko otsailaren 26a

Ruben Arredondoren ikasleek hartuko dute parte Gipuzkoako Boxeo Txapelketako finalean (Onintza Lete/Hitza) Larunbat arratsaldean Gipuzkoako Boxeo Txapelketako finalak jokatuko dituzte Zumaian, eta Gipuzkoako boxeolari onenak bilduko dira bertan. «Ikuskizun polita izango da larunbatekoa, Urola Kostako herritarrak bertara hurbiltzera gonbidatu nahiko nituzke», esan du txapelketako antolatzaile Ruben Arredondok. Egitasmoak lehiakortasun izaera edukitzeaz gain, saioa boxeoa gizarteratzeko aprobetxatu nahi dute. «Orain arte Zumaian ez da mota horretako txapelketarik jokatu, eta herritarrei boxeoa zer den ezagutarazteko bide polita izan zitekeela iruditu zitzaigun», azaldu du. Gainera, txapelketan parte hartuko duten boxeolariek esperientzia dutela nabarmendu du Arredondok. «Ez dira hasiberriak, borrokaldi ugari jokatu dituzte, eta horrek balioa ematen dio txapelketari». Ikuskizuna iluntzeko 19:00etan izango da Lubaki kiroldegian, eta bost euro kostako da sarrera. Boxeoa herritarrei gerturatuz Boxeoa eskualdean nahikoa ezezaguna bada ere, gero eta jende gehiago animatzen da kirol hori egitera. Arredondoren boxeo klubean, esaterako, «zumaiarrez gain eskualdeko herritar ugarik parte hartzen dute», azaldu du. Horietako askoren helburua, gainera, ez da txapelketetan parte hartzea izaten, «forman egoteko kirol moduan ulertzen dute boxxeoa». Eskualdeko boxeolariek badakite ospe txarra duen kirola dela boxeoa, baina iritzi hori gainditu nahi dute, kirola herritarrei gerturatuz. «Boxeoa ezagutzen ez dutenek pentsatzen dute indarkeriazko kirola dela, baina boxeoa beste kirolak bezala araututa dago, eta epaileek boxeolari baten bizitza arriskuan ikusten badute, borrokaldia eten egiten dute. Anaitasuna, esfortzua, diziplina... bezalako balioak ditu oinarrian», azaldu du Arredondok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide