Zumaiako ustezko eraso sexista salatuko dute gaur 20:00etan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 20a

Atzo eguerdian Ertzaintzak 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Zumaian bikotekidea erasotzea leporatuta. Ertzaintzako prentsa gabinetetik azaldu dutenez, emakumeak larunbat gauean gizonaren kontrako salaketa jarri zuen eraso egin ziola argudiatuz. Atzo eguerdian, berriz, emakumeak gizonezkoa bere etxe inguruan zebilela ohartarazi zion Ertzaintzari, eta abisua jaso orduko ertzainen patruila bat emakumearen etxera bertaratu zen. «Emakumea ezer esateko beldurrez, kikilduta» aurkitu zuten ertzainek. Gizona etxe barruan ote zegoen galdetu zioten agenteek, eta emakumeak etxe barrura sartzeko baimena eman zien ertzainei. Bertan aurkitu zuten gizonezkoa. Ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotuta eraman zuten, 12:50ak aldera. Elkarretaratzea Zumaiako Mugimendu Feministak deituta, emakume horren aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du gaur iluntzerako; Magnolioan, 20:00etan. Ustezko erasoak hainbat erreakzio eragin du gaur sare sozialetan. Twitter-en, esaterako, albisteak hainbat iruzkin ekarri zuen. Hala, Zumaiako Sortuk, esaterako, ondorengo aldarrikapena egin du: «Patriarkatuaren aurrean, eraiki dezagun EH feminista!» aldarrikatuz. Bestetik, Zumaiako Udalak jakinarazi du emakumeen aurkako indarkeria kasuetarako zehaztuta dagoen protokoloa aktibatu duela, eta horri jarraituko diotela datozen egunetan. «Gizarte Zerbitzuetako arduradunek kasuaren jarraipena egingo dute, eta  gertatutakoaren informazio zehatza izan ondoren, emakumearekin lanketa abiatuko dute». Udalak bat egin nahi du mugimendu feministak, gaur arratsaldean, Zumaian, deitu duen kontzentraziorekin. "Indarkeria matxista giza eskubideen urratze larria da, eta oinarrizko askatasunez gozatzea eragozten die emakumeei" aldarrikatu dute. Emakumeen aurkako indarkeria gogor gaitzetsi nahi du Zumaiako Udalak , eta bortizkeria horren sorburuan dauden gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunen aurkako konpromisoa berretsi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide