Basotik deabruaren sukaldera

Aritz Mutiozabal 2013ko abenduaren 20a

Asier Sota, Arkaitz Gartziandia eta Anartz Zuazua aktoreak, ezkerretik eskuinera. (Argazkia: Borobil teatroa) Borobil Teatroak ‘On egin’ haurrentzako antzezlana taularatuko du asteburu honetan, Zarauzko Modelo aretoan eta Zumaiako Aita Mari antzokian. Txokolatezko etxerik ez dute topatuko baso sorginduan, eta ibilian-ibilian hanburgesa fabrika bateraino iritsiko dira. Grimm anaiek idatzitako Hansel eta Gretelen bertsio librea atondu du Borobil Teatroak, eta On egin izenburua jarri dio. «Jatorrizko ipuina izan genuen abiapuntu, baina hainbat moldaketa egin diogu: pertsonaiak ez dira Hansel eta Gretel izango, baizik eta Ander eta Greta; sorginaren ordez, deabru gaizto bat dago... Azkenean, betiko istorioa eguneratu egin dugu», azaldu du antzezlaneko zuzendari eta aktore Anartz Zuazuak. Asteburuan Zarauzko Modelo aretoan eta Zumaiako Aita Mari antzokian taularatuko dute, hiru lagunen eskutik. Izan ere, Zuazuarekin batera, Asier Sotak eta Arkaitz Gartziandiak hartuko dute parte ikuskizun entretenagarri honetan. Zarauzko saioa bihar izango da, 17:30ean, eta Zumaiakoa, etzi, 16:30etik aurrera. Errezeta galduak Juan Mari sukaldariaren seme-alabak dira Ander eta Greta. Aitak jatetxe du herrian, baina negozioa ez doakio ongi. Antza denez, txori hori batek munduko errezeta liburu guztiak lapurtu ditu, eta inork ezin du janaririk prestatu. Ondorioz, jatetxe guztiak kinka larrian daude, baita Juan Marirena ere, eta fakturak ordaindu ezean, banketxeak negozioa kenduko dio. Anderrek eta Gretak, aitari laguntzeko asmoz, banketxera joatea erabakiko dute, bertako arduradunarekin hitz egitera. Banketxera iristeko, ordea, San Jamaseko baso sorgindua zeharkatu beharko dute. Basoak badu kondaira bat: hor nonbait karameluzko sagarrak ematen ditun zuhaitz bat dago, eta fruitua dastatzen duena ez da gehiago basotik ateratzen. Kondaira sinesten duten haurrak daude eta sinesten ez dutenak. Sineskeriak sineskeria, anai-arrebak basoan barneratu eta galdu egingo dira. Hortik aurrera, istorioak bestelako norabide bat hartuko du. Amonio debruak hanburgesa fabrika bat sortu du lur azpian, eta Ander eta Greta bertara iritsiko dira. Banketxeak desjabetu dituen jatetxeetan Amonioburgerrak irekitzen dituzte, eta, ondorioz, herritarrek hanburgesak bes­terik ez dituzte jaten. «Fast food-aren inguruko ikuspegi kritikoa ematen du­gu. Lapikoan egiten ez denak zatar eta gizen uzten zaituela erakutsi nahi diegu ikusleei», adierazi du zuzendariak. Borobil taldeak sukaldaritzarekin lotu du bere azken ekoizpena, haurren elikadurarekin dagoen arazoa islatu nahian. «Espainian %14ek obesitatea dutela irakurri genuen artikulu batean, eta datu hori ardatz hartuta, me­zua duen antzezlan dibertigarri bat egitea bururatu zitzaigun». Zaletasuna sustatzen Familia osoak gozatzeko moduko antzezlana da On egin. «Beti saiatzen gara gurasoei halako keinu bat egiten. Azken finean, badakigu gurasoa dela haurrak antzerkira eramaten dituena. Beraz, gurasoak asetzen baditugu, hurrengoan ere beste antzezlan batera ekarriko dituzte seme-alabak. Gure helburua antzerkizaletasuna sustatzea da». Ali Baba izan zen lehenengoa; Hansel eta Gretel hurrena... Ipuin klasikoen jirabiran sortu ditu Borobil taldeak orain arteko antzezlanak. «Klasikoak ezagunak direnez, erakargarriak egiten zaizkio jendeari. Ali Babarekin garbi geneukan arren, erron kahandia izan zen. Ongi funtzionatu zuela ikusirik, egokitu genezakeen beste ipuin klasiko baten bila aritu ginen, eta Hansel eta Gretelen oinarrituz, On egin egitera animatu gara oraingoan. Izatez ipuin laburra, eta gure ekarpena agerikoa da emanaldietan».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide