Santomasak Getarian, Zarautzen eta Zumaian

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 19a

Iaz Zarautzen egon zen giroaren adibide bat (Argazkia: Ainara Lozano) Egitarauak: GETARIA - Egunean zehar. Gure Txeru elkartearen eskutik, talo eta txistorra jana egingo dute Berdura Plazan. ZARAUTZ - 10:00-14:30. AEK-k antolatuta, San Tomas Azoka Lege Zaharren Enparantzan. Ohi bezala, txistulariak, txistorra lehiaketa, zozketak eta artisauen postuak izango dira. Arraio Irratiak ere saio berezia eskainiko du. Tantaz tanta egitasmoak ere izango du lekua, askotariko materiala saltzeko. Era berean, urtarrilaren 11n Bilbon egingo duten manifestaziorako autobuserako izena eman eta botilarekin argazkia ateratzeko aukera izango da bertan. ZUMAIA. ALAI AUZOA. - 09:15. Udal Txistulari Banda Alai auzoan ibiliko da. - 10:00. Katxaperoak eta Alaitxu txerria izango dira plazan. - 11:00. Puzgarriak gaztetxoentzat. - 12:00. Herri kirolak eta gizon proba mistoa. - 13:30. Triki poteo, Alai auzoan zehar. - 15:00. Puzgarriak gaztetxoentzat.  - 17:00. Potxin eta Patxin pailazoek Oihan koloretsua ikuskizuna eskainiko dute. - 18:30. Bertso poteoa. - 18:30. Zumba erakustaldia. - 20:00. Aitor Furundarena soinu-jolearekin erromeria. Txistor lehiaketa eta azoka egingo dute Zarautzen etzi Azpeitiz gain, eskualdeko hainbat herrik ere ospatuko dute San Tomas eguna larunbatean. Zarautzen, ohi bezala, AEK euskaltegiak Lege Zaharren Enparantzan egingo du azoka, euskara eta euskal produktuen sustatzeari begira. Aurten hogei postu inguru jarriko dituzte artisau, baserritar eta bertako ekoizleek askotariko produktuak saltzeko. Tantaz Tanta egitasmoak ere izango du bere lekua azokan. Bertan askotariko materiala jarriko dute salgai. Horrekin batera, urtarrilaren 11n Bilbon egitekoa diren manifestaziora joateko autobusean izena eman ahalko da, eta baita botilarekin argazkia atera ere. Bestalde, txistor lehiaketa egingo dute San Tomas azokaren baitan. Inguruetako bederatzi harakinek hartuko du parte bertan, eta eguerdi aldera erabakiko da zein den aurkeztu dituzten txistorretatik onena. Aurten, gainera, epaimahaikide bereziak izango dira txistorra dastatzen: herriko hiru antzezle. Bertaratzen direnek txistorra eta taloa dastatzeko aukera izango dute, ohi bezala. Txistulariek girotuko dute azoka eta Arraio Irratiko kideak ere bertan egongo dira, saio berezia egiteko. Otar eder bat ere zozkatuko dute bertaratzen direnen artean. Getarian eta Zumaian ere bai Egitarau zabala prestatu dute Alai Kultur Elkarteko kideek larunbaterako. Goizetik hasi eta iluntzera bitartean izango da zer ospatua Zumaiako auzo horretan. Haurrentzat puzgarriak eta ikuskizunak izango dira, herri kirolak eta gizon proba mistoa, triki eta bertso poteo alaia, eta Zumba erakustaldia. Alaitxu txerria ere bertan izango da, festaren lekuko. Aitor Furundarena soinujoleak eskainitako erromeriarekin amaituko dute festa. Getarian, berriz, talo eta txistorra jana izango da egunean zehar Gure Txeru taldeak antolatuta. Berdura Plazan egingo dute, eta herritarrak bertaratzera animatu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide