(Aiora Larrañaga/Hitza)
Igandean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatuko da, eta Joanito Dorronsoro (Ataun, 1936) zumaiarrak jantziko dio txapela irabazleari. Dorronsorok 80. hamarkadan Bertso Eskolak sortzeko lan handia egin zuen, eta bertsolaritza lantzen jardun du bizitza osoan zehar.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari txapela jarriko diozu igandean. Zer sentipen dituzu?
Eskerrak eman nahi dizkiot Bertsozale Elkarteari garaileari txapela janzteko aukeratu nautelako, norberaren lana aintzat hartzea gustagarri gertatzen baita. Harro sentitzen naiz, hainbat lagunek 80. hamarkadatik aurrera bertsolaritza sustatzeko egin genuen lanak fruitu handiak eman baititu. Bertso Eskolak, Bertsozale Elkartea, Eskola arteko Bertsolari Txapelketa, bertsolaritzaren inguruan egitura osoa sortu da, eta fruitu ikusgarriak eman ditu. Gaur egun euskaraz bizitzeko horrenbeste oztopo izanda, harrigarria iruditzen zait bertsolaritzan izan den iraultza, eta lortu den maila bikaina.
Bertso Eskolak bertsolaritzako aldaketetarako bidea izan al dira?
Garaiak aldatu egin dira, eta uste dut Bertso Eskolek eragin handia izan dutela bertsolaritza berria sortzerakoan. Bertsolaritza landu egin da, horren inguruan hausnartu egin da, eta bertsolaritza eguneratu egin da. Bide horretan Bertso Eskolak ezinbestekoak izan direla uste dut, baita bertsolari bakoitzak bere aldetik egin duen lana ere.
(A.L./Hitza)
Zer alde nabarmenduko zenituzke garai zaharretako bertsolaritzaren eta gaur egungoaren artean?
Aldaketa handia izan da, baina kontuan hartu behar da bertsolaritza etengabe aldatzen joan dela, eta etorkizunean ere horrela izatea espero dugu. Aldaketak beti dakar talka. Bertsolari klasikoei, esaterako, askotan ez zitzaien gustatzen gaur egungo bertsolaritza, ez ziren eroso sentitzen. Gaur egungo bertsolariak ikasiak dira, eta bertsolaritzaren baitan askotariko esparruak asko landu dituzte. Lehengo bertsolariek tradiziotik zetozen doinuak erabiltzen zituzten, eta gaur egungoek, berriz, doinutegi zabala dute aukeran, eta berriak ere sortzen dituzte. Teknikan ere aldaketa bera gertatu da, eta euren hausnarketari esker asko aldatu da bertsolaritza. Nik uste dut literaturaren eragina gero eta handiagoa dela literaturan. Lehen ahozkoa eta idatzizkoa bi bide ziren; ahozkotasuna asko landu izan da, oso aberatsa izan da Euskal Herrian, eta idatzia, berriz, bigarren maila batean egon da. Lehen apenas zuten eraginik batak bestean, eta gaur egun gero eta erlazio estuagoa dute.
Azken urteetan Jon Maia Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan izan da, baina aurten ez da posible izan.
Bioi pena handia eman digu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan biok batera ez izateak. Amets egiten hasiz gero, berriz, berari txapela janztea asko gustatuko litzaidake, baina ez da posible izango.
Jon Maiak beti esan du bertsolaritzan erreferente garrantzitsua izan zarela berarentzat. Harro sentitzen al zara hori entzutean?
Euskal Herrian bertsolaritza berritzeko abiatu genuen mugimendua bizitzea tokatu zitzaidan. Ikastola sortu berria zen Zumaian, eta bertsolaritza erakusten hasi nintzen bertan. Hortik sortu zitzaion Jon Maiari bertsolaritzarenganako grina, eta harro nago horretaz. 80. hamarkadan genituen ametsak aspaldi gaindituta daude; bertsolaritza berritu nahi genuen, baina ez genuen espero gaur egun denera iritsiko zenik. Bertso Eskolen fruitua dira punta-puntan dabiltzan bertsolariak. Igandean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako oholtza gainera igoko diren zortzi bertsolariak Bertso Eskolan landutako aro berriko bertsolariak dira.