Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
[Aitor Manterola] Egun batek hurrengoari pasatzeko baimena ematen dion une berean, ia inor ez dabil Zumaiako moilan. Bi lagun baino ez motordun ontzia prestatzen. Juan Ramon eta Andoni Larrañaga dira, anaiak. Ez da gau hotz-hotza ere, aurrekoekin alderatuz gero, baina epeletik ere gutxi du. Juan Ramon goian dago, lehorrean, Andoni, aldiz, ontzian. Silbestra izeneko ontzia zertarako prestatua dagoen oso agerikoa da: anguletarako. Horretara doaz bi anaiak, eta UROLA KOSTAKO HITZA izango dute lagun arrantzaldian.
Bi anaiak eta kazetaria Silbestra ontzian sartu orduko abiatu da ontzia Urola ibaian behera. Poliki, lasai. Ilun dago zerua, eta ez gaua delako bakarrik; ilargia ere puska handi baten faltan da, ilargi berria delako. «Anguletarako ilargi berria da garai onena», bota dute anaiek. Eta gaur da hain justu eguna. Ilusioz doaz anaiak, jaki preziatua harrapatuko duten esperantzan. Gauerdia pasatxo abiatu da arrantzaldia, «itsas-behera delako, eta urak gora emanda behar duelako anguletarako», jarraitu dute azalpenarekin. «Ibaiaren behekaldetik hasiko dugu arrantzaldia, marearekin batera joaten delako angula ibaian gora».
Silbestra iritsi da kirol portuko sarreraren parera, gutxi gorabehera, eta handik bertatik erabaki dute bi anaiek aurreneko kalaldia-ri hasiera ematea. Salabardo handi bana dago ontziaren alde bakoitzean, eta ondo lotu eta gero, uretan sartu dituzte. Bakoitzak bat. Handiak dira tresnak, eta astunak. Luzera ere handia daukate, batez ere heldulekuagatik. «Kontuz sartu behar dira uretan, eta biak batera samar, gainera; bestela, ontzia alde batera erortzeko arriskua dago eta», azaldu dute. Uretan dira bi salabardoak, eta Silbestra-k abiadura makala are gehiago makaldu du. Hasi da arrantzaldia.
Ez da ia ezer ikusten. Argitasuna eta angulak harrapatzea ezin baitira uztarri berean jarri. Iluntasuna behar da. Badoa Silbestra aurrera; poliki, baina badoa... Salabardoak uretan sartu orduko, Andonik makina bat piztu du: uraren sakonera neurtzen duen gailua da. Koloretako marrak azaltzen hasi dira pantailan: «Hondoa hauxe da, eta hemen daude salabardoak. Kontua izan behar da hondoa ez jotzen salabardoekin». Tresna piztu dute, eta segurtasuna ematen die horrek, baina bi anaia hauek makinarik gabe ere ondo moldatuko lirateke, ondo baino ezagutzen dutelako Urola ibaia. 14 bat urte zituztenetik dabiltza anguletan.
Hiru saio
Talaipe inguruan da Silbestra. Geratzen zaio oraindik bide pixka bat aurreneko kalaldia amaitzeko. Ez da helduko barra muturreraino, baina metro batzuk egin beharrean da oraindik. Ari da egiten ilunpe beltzean, ia ezer ikusten ez dela. «Ikusi ez arren askorik, badakigu nondik goazen, eta horretarako laguntza ona dira barrako argi gorria eta berdea». Ibaiaren erdialdetik doa Silbestera. Horrelaxe egingo ditu azkeneko metroak.
Anaiek erabaki dute bukatu dela aurreneko saiakera. Jaso dituzte salabardoak, eta banaka, joan dira ontziaren muturrera. Hantxe astindu dituzte, barruan dagoena ateratzeko han gainera. Bistaratu den koloreak ez du esperantzarako tarte handirik utzi. «Zikina ugari!», bota du Juan Ramonek. «Angula bat bera ere ez», biek batera. Lehengo bidean baina kontrako norabidean da Silbestra. Arrantzaldian baino bizkorxeago, baina lasai hala ere. Talaipe parea, kirol portu ingurua... Arrantzaldiaren hasierako lekura itzuli da. «Ez da normala alerik ez izatea. Oraintxe egon behar luke gehien», esan dute Larrañagatarrek. Baina ez dago, eta bigarren kalaldirako prestatu dira.
Salabardoak uretan dira berriz, eta Silbestra badoa ttar-ttar-ttar, ibaian behera. Berriz ere martxan da hondoaren berri ematen duen makina. Prozedura beti bera da. «Angulak mugimendua behar du, gustura ibiltzen da horrela. Euriteen ondorioz sortzen den ur emari handia, eguraldi aldaketak... Sekulako hotzak egin izan dituenean dezente harrapatu izan dugu», esan du Andonik. Badoa Silbestera aurrerantz, berriz ere ttar-ttar-ttar, oraingoa baleko kalaldia izango delakoan. Baina bigarrenean ere kale. Aleren bat edo...
«Atzo ere ez omen zuten ezer harrapatu», esan du Juan Ramonek. «Guk gaur ere ez du ematen gauza onik dugunik», gehitu dio Andonik. Prestatu dute ontzia hirugarren ahalegina egiteko, baina denbora batez zain egotea erabaki dute. «Korronteek mugiarazi egiten dute angula, eta marea gora hasi denetik denbora pixka bat pasatzen utziz gero, baliteke angula gorantz hastea, korrontearekin batera», azaldu dute biek. Zain egon behar. Hotzez eta ilunpean. Ibaiaren eta gauaren erdian. Bitartean, kontu-kontari jardun behar, arrantza eta angula hizpide hartuta.
«Hemen, Zumaian, gero eta jende gutxiago aritzen da anguletan. Hogei bat lizentzia daude, eta zortzi bat ontzi edo ibiliko gara bakarrik», kontatu dute. «Eta laster debekatu egingo dute angula harrapatzea. Ez dagoela esaten dute eta». Jende askok egiten duen galdera da hori: badago ala ez dago? «Egon badago. Gertatzen dena da ikerketako neurketak ez direla zuzen egiten, eta datuak okerrak dira». Ikerketak ere badu eraginik arrantzan ibiltzearekin: «Ikerketa egiten dute harrapatzen dugun kopurua neurtuta, eta bakoitzak ondo apuntatu behar du zenbat harrapatzen duen, gero datuak emateko. Bestela, ez zuten lizentziarik ere emango».
Minutuak aurrera doaz, eta heldu da unea Silbestra berriz ere lanean jartzeko. Bi salabardoak behera, uretara, eta hirugarren kalaldia hasi da. Berriz ere Talaipe aldera, eta hortik aurrera, barra muturreraino heldu gabe. Juan Ramonek angula den edo ez jakiteko ze pista erabiltzen duten azaldu du: «Salabardoa pixka bat altxako dut, eta angulak goroldio berde bizia jaten duenez, hori azaltzen bada, angula izango da». Altxatu du salabardoa zerbait onaren itxaropenean, baina apenas dago goroldiorik arrantzarako tresnan. Beste kale baten traza hartzen hasi da arrantzaldi hau ere... baina salabardoak jaso eta astindu dituztenean, angula azaldu da ontziaren muturraren gainean. «Ale bakanak dira, dozena erdi bat edo. Berez, gehiago beharko zukeen azaldu, eta ez da seinale ona». Hala ere, beste ahalegin bat egitea erabaki dute.
Silbestra badoa lehengo lekura, eta abiatu da berriz ere poliki-poliki, salabardoak uretan dituela. Azkeneko saioa dela esaten ari dira bi anaiak: «Oraingoan ezer ez badago, ohera azkar!». Logureak ez du indarrik izango harrapaketa handia denean, baina apenas dagoenean, mailu astuna bezalakoa izango da. Jaso dituzte salabardoak, eta kale berriz ere. «Beste ale bakan batzuk besterik ez». Bi anaien ahotik, etsipenaren mezua. Silbestra moilara bidean da, atseden hartzera. «Ezkutuan egoten da angula, eta gaur ez du atera nahi izan. Baldintzak onak dira, baina... Misterioa da angularena».
Arrantza eskasa eginda, moilan da ontzia. Kazetaria lehorrean utzi, eta Silbestra lotuta egon ohi den lekura eraman dute. Trasteak txukundu, ontzia garbitu, eta ohera. Angularen misterioak argitasunik izan ote dezakeen pentsatuz, ziurrenik.