Zumaiako Erkibe Kultur Elkarteak bizikidetza eta
Parot doktrina gaiak ardatz hartuta, hitzaldia antolatu du. Bihar izango da, 19:00etatik aurrera, Aita Mari aretoan. Donostiako gotzain emeritu Juan Maria Uriarte eta Txema Montero abokatua izango dira hizlariak, eta Erkibeko kideek gaian interesa duten «pentsakera guztietako» herritarrak gonbidatu dituzte hitzordura. «Testuinguru politiko berria dugu egun, eta uste dugu gizarte guztiarentzat interesgarria izan daitekeela horren inguruan sakontzea eta gaian adituak direnen azalpenak entzutea», azaldu du Erkibeko kide Joseba Esnalek.
Alde batetik, azken hilabetean pil-pilean izan den
Parot doktina-ren inguruan azalpenak emango ditu Txema Montero abokatu bilbotarrak. Bestetik, bakegintzan aditu Juan Maria Uriartek «gorrotoak alde batera utzi», eta bakea lortzeko «ezinbesteko urratsak» zein diren azalduko du. «Edozein motatako biktimen sufrimendu jasanezina, nahigabe eramangarri bihurtzearen» garrantziaz jardungo du hitzaldian. Izan ere, gotzain emerituak uste du «gizartea banatuta» egon dela hamarkada askotan, eta «ezinbestekoa» dela «aurrez aurre gotortutako herritarren multzo horiek beren arteko erresuminak samurtzea». Horretaz gain, ETAk behin betiko su etena iragarri ostean, Espainiako Gobenua eta talde armartua harremanetan jartzearen garrantzia nabarmenduko du Uriartek. «Dena dela, horrek ez du esan nahi ETA legitimatzea eta berdinetik berdinera aitortzea».
Osteguneko hitzaldiarekin Erkibek «eztabaidarako eta gogoetarako espazio bat» sortu nahi du Zumaian. «Urte askotan gizartea taldetan banatuta egon da. Orain garai berri eta itxaropentsua dugu, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu bakegintzan sakontzea, eta alde bateko eta besteko zauriak sendatzeko baliabideak jartzea», azaldu du Esnalek. Erkibeko kideek jakin badakite «benetako bakea» ez dela egun batetik bestera iritsiko, baina etorkizunari begira «itxaropentsu» daude. «Urtetan landu beharreko gaia izango da. Abertzaleon artean ere batzuk besteekin alderatuta egon gara, eta gai asko ditugu hitz egiteke. Horretarako lehen urratsa izan daiteke biharko antolatu dugun hitzaldia». Etorkizunari erreparatuz, belaunaldi berrietan ikusten du Esnalek «bakegintzaren giltza». «Haurrak eta gazteak beste errealitate batean hezi dira, eta bestelako ikuspuntu bat dute; alderatze horretatik oso bestelakoa».