Hamlet antzezlanaren euskarazko moldaketa. (Argazkia: Guillaume Méziat)
‘Hamlet’ antzezlanaren euskarazko moldaketa ikusteko aukera izango da gaur gauean, Zumaiako Aita Mari antzokian.
To be or not to be. Horra Hamlet antzezlana horren ezagun bihurtu duen zalantza existentziala. Esaldia euskaraz eta taula gainean ozen entzuteko parada, ordea, gaur gauean izango da Aita Mari antzokian, 22:00etatik aurrera. Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu taldeek elkarlanean ekoitzita, William Shakespeareren klasikoa gaur eta hemen aurkeztuko dute, XXI. mendean eta Euskal Herrian.
Hiru taldeek
Errautsak antzezlanean metatu zituzten indarrak, eta esperientzia hura arrakastatsua suertatu zenez, argi ikusi zuten elkarrekin beste zerbait egin behar zutela. «Edonola ere, ez genuen
Errautsak II egin nahi.
Hamlet moldatzearen ideia nahiko laster etorri zitzaigun, antzezlana oso erakargarria zelako, eta horri heltzea erabaki genuen», adierazi du antzezlaneko zuzendari Ximun Fuchsek.
Shakespeareren antzerki entzutetsua aztertu ahala, «Hamlet Euskal Herriaz mintzo» zela konturatu ziren. «Esateko modu bat da. Izan ere, Shakespearek Danimarkan kokatu zuen istorioa, eta segur aski bera ez zen sekula herrialde hartan izan. Bere gogoa urruneko herrialde bat hartu eta Ingalaterrako egoera kontatzea zen. Hain justu ere, garai hartan Ingalaterran krisi politikoa, ekonomikoa eta artistikoa bizi zuten». Gai horiek kontuan izanda, edozein herrialde izan zitekeela konturatu ziren Fuchs eta lagunak. «Ildo horretatik segituz, Euskal Herrira ekarri dugu».
Antzezlanaren une bat (Argazkia: Guillaume Méziat)
Gazte euskalduna
Hamlet pertsonaiaren inguruan teoria hainbat idatzi eta hedatu dela jakitera eman du zuzendariak: protestantismoaren sehaska izan zela; judua zela, Shakespeare Ingalaterrara joan zen judu espainiarra zelako; homosexuala zela, emakume guztiak baztertzen zituelako antzezlanean; emakumea... «Gure apustua zera izan da, Hamlet gaur egungo gazte euskaldun bat izatea. Gure herriaz eta egoeraz hitz egiten duena».
Aurreko belaunaldietatik herentzian jaso duen mundua makurra du Hamletek, eta bere zeregina egoera hori zuzentzea izango da. «Baina, beharbada, zeregin horrek pisu gehiegi du beretzat», dio Fuchsek pertsonaiaz. «Justizia bere esku hartzea justizia den ala mendekua den hausnartuko du. Izan ere, jakin badaki justizia gobernuaren esku utzita ez duela ezer lortuko, ustelkeriak jota dagoelako. Hamletek egiten dituen galdera horiek badute oihartzunik Euskal Herrian». Hori horrela, publikoa antzokitik «Hamlet hori nik ezagutzen nuen edo nire anaia da edo laguna da» esanez atera dadin nahi dute.
Xabier Mendiguren Elizegi idazlearen laguntza izan dute testu klasikoa moldatzerakoan.
Publikoari gorroto antzezlanetik dator idazlearen eta antzerkiko lantaldearen arteko harremana. «Beti lan egin izan dugu euskal kulturako erreferenteekin. Errautsak lanean Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariekin aritu ginen elkarlanean, eta Artedramarekin taularatutako
Publikoari gorroto-n, berriz, Xabier Mendiguren Elizegirekin. Lan berri honetan ere haren laguntza izan dugu, itzulpenak egiterakoan eta egokitzerakoan».
Hamlet osoa taularatzea ezinezkoa dela azaldu du Fuchsek; horretarako sei ordutik gora behar direla. Hortaz, «istorioa trinkotu dugu, ordu eta erdiko saioa atonduz».
Azaro hasieran estreinatu zuten antzezlana, eta harrezkero dozena bat emanaldi eskaini dituzte Euskal Herrian barna, ikusmin nabarmena sorraraziz. «Bost bat saiotan antzokiak bete ditugu, eta jendea kalean geratu da. Arrakasta izaten ari den seinale».