Urolako itsasadarra babesteko plana onartzea erabaki du Getariako Udalak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 27a

Getaria eta Zumaia arteko errepidea (Aritz Mutiozabal/Hitza) Zumaiako Udalak Urolako Itsasadarra Babesteko eta Mantentzeko Plan Bereziaren diagnostiko fasea egin dezala onartu du Getariako Udalak. Baldintza bat jarri du, ordea: egunen batean Getaria eta Zumaia artean oinezkoentzako bidea egingo bada, aukera hori jasotzeko plan berezi horretan. Era berean, «Getariako Udalaren zein getariarren eskubideen defentsa egokirako», onartutako tramite bakoitzaren berri emateko eskatu dio Zumaiako Udalari. Horrekin batera, norberaren lurraldean egin beharreko aldaketak udal bakoitzak kudeatuko dituela nabarmendu du Getariakoak. Hainbat joan etorri izan dute Getarian plan horrekin. Uztailaren 29an gaia mahai gainean uztea erabaki zuen, Zumaiako Udalari dokumentua eskatu eta talde politiko bakoitzak plana ongi aztertu arte. Irailaren 25ean heldu zioten berriz ere gaiari. Orduan plana ez onartzea erabaki zuten gehiengoz, gaia ez zutelako «argi» ikusten. Herenegungo plenoan gehienez onartu zuen Getariako Udalbatzak plana babestea, betiere baldintzapean. Bilduk eta EAJk alde bozkatu zuten, eta Getaiko Independienteak taldeko zinegotzia abstenitu egin zen. Uemako ordezkariak Iazko ekainaren 9an onartu zuten Getaria Uemako kide egitea, eta Amaia Iribar eta Amets Etxabe Bilduko zinegotziak izendatu zituzten bertan Getaria ordezkatzeko. Orain, batzarretara ezin badute joan horiek ordezkatuko dituztenak izendatu dituzte: Gorka Bordagarai, Aitor Irigoien eta Nika Lertxundi, orden horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide