Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2013an hamalau emakume artatu dituzte Zumaian, indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasan ostean. Eraso gehienak bikotekidearen aldetik jasan dituzte. 25 eta 49 urte arteko emakume horietatik zazpik jarri dute salaketa. Horri lotuta, zazpi urruntze agindu jarri dituzte. Erasotzaileek 35-49 urte dituzte eta horietako bat laguntza psikologikoa jasotzen ari da egun.
Zumaiako Udalak indarkeria matxista kasuak salatzearen garrantzia nabarmendu du. Hain zuzen, hori salatzeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira, hainbat jardunaldi antolatu du.
Gaur Emakumeek kontatzen dute ipuin kontaketa egingo du Apika taldeak Haur Liburutegian 18:00etan, eta 20:00etan elkarretaratzea magnoliopean, talde feministak deituta.
Hurrengo egunean, hilaren 26an Zumaiako ikastetxeetako ikasleek giza katea egingo dute 11:00etatik aurrera, emakumeenganako indarkeriaren aurka. Parte- hartzaileak ondorengoak dira: Maria eta Jose ikastetxea, Oikiako Eskola eta Aita Mari Herri Eskola.
Autodefentsa tailerra, Emaginen eskutik
Abenduaren 14an eta 18an Emagin elkarteak autodefentsa tailerra eskainiko du 10:00-14:00 bitartean. Gabonetan ere tailer berezia eskainiko dute. Jolasen bidez bost eta zortzi urte biterako haurrak berdintasunean heztea du helburu, eta doan izan da. Abenduaren 26 eta 25 eta urtarrilaren 3an egingo dute.