(Aiora Larrañaga/Hitza)
Jose Mari Aramendi (1957, Zumaia) Karakas baserrian jaio zen, eta bertan jarraitzen du buru-belarri lanean. Mahastiak, ardiak eta babarrun sailak dituzte baserrian. «Egiten dena ondo egin behar» dela pentsatzen duen horietakoa da Aramendi, eta saiatuz-saiatuz Tolosako Babarrun Ekoizleen Lehiaketan lehen saria lortu du zumaiarrak.
Espero al zenuen Tolosako Babarrun Ekoizleen Lehiaketa irabaztea?
Egia esan behar badut, ez nuen espero. Askotan parte hartu izan dut lehiaketan, 15 urtetan, eta 4. postutik gertu sailkatu izan naiz askotan. Elkarteko kudeatzaileak esaten zidan gertu nenbilela, eta horrela jarraitzeko. Azkenean iritsi da eguna. Oso gustura nago, egindako lanaren aitortza baita.
Tolosako Babarruna jatorri izenak Gipuzkoa osoko ekoizpenari egiten al dio erreferentzia?
Tolosako Babarruna izena badu ere, Gipuzkoa osoan egiten dugu. Beti egin dugu guk baserrian, eta Tolosan elkartean entregatzen dugu.
Zein da babarrun onaren sekretua?
Orain arte ez dut irabazi, baina aurreko urteetan ere lehiaketara aurkeztu izan naizenetan gurea babarruna ederra zela pentsatzen nuen. Nik uste dut babarrun onak ez duela sekreturik. Eguraldiak eragin zuzena izaten du; euria eta beroa behar ditu. Jasotzerako garaian ere oso garrantzitsua da eguraldi ona egitea, babarruna lehorra jasotzeko. Jaso ondoren ere ondo tratatu behar da. Aireztatze egokia duen tokian jarri behar da lehor dadin, aterpean beti. Guk aurreko urteetan jarraitu dugun prozesu bera segi dugu aurtengoan ere, baina emaitza ona izan dugu.
Zein da babarrunaren hazte prozesua?
Baserritarren lurrak desberdinak dira, eta norberak jakin behar du zein ezaugarri dituzten bere lurrek. Zenbaitek babarruna maiatzean ereiten du. Gure soroetarako, ordea, goizegi da, eta ekaineko lehen bi asteetan ereiten dugu. Jasotzeko garaia, berriz, eguraldiaren araberakoa izaten da. Udazkenean hego haizea eta eguraldi ona egiten badu, aurreratu egiten da babarruna jasotzeko garaia. Eguraldi onik ez bada, atzeratu egin daiteke, eta euria egiten badu babarruna jaso gabe soroan usteltzeko arriskua izaten da. Iaz gertatu zitzaigun hori, ekoizpenaren erdia galdu baigenuen eguraldi txarragatik. Pena izan zen, lan handia egin genuen babarrun ona atera zedin, eta bertan behera geratu zen dena. Hori da baserriko lanaren arriskua. Zerura begira ibiltzen gara egunero. Urte batzuk oso onak izaten dira, eta beste batzuk, berriz, ez hain onak.
Jaso ondoren biltegian lehortzen edukitzen al duzue babarruna?
Lehortzeko prozesua ere eguraldiaren araberakoa izaten da. Haizea edo hego haizea egiten badu, aste betean lehortzen da babarruna. Azken egunetako eguraldi umela egiten badu, berriz, askoz gehiago kostatzen zaio. Guk ganbaretan eta arkupeetan izaten dugu, ezin baitu busti. Babarruna bustitzen bada, kolorea aldatzen zaio eta itxusitu egiten da.
Lan asko eskatzen al du babarrunak?
Bai, gertutik jarraitu behar izaten da babarrunaren hazte prozesua. Garrantzitsuena txukun ibiltzea eta gauzak behar den bezala egitea da; hori da babarrun ona lortzeko sekretua. Babarruna edonork egin dezake, ona egiteko, ordea, dedikazioa eskatzen du, eta saiatu egin behar da. Gipuzkoan, oro har, babarrun ona egiten dela uste dut. Niri asko gustatzen zait babarruna, asko jaten dut, eta ez naiz aspertzen gainera.