Ostiral honetan eskainiko dute 'Hitzak' antzezlana, 22:00etan Zumaiako Aita Marin (Argazkia: Hika)
Hitzez eragindako tratu txarren inguruan dihardu Hika taldearen
Hitzak antzezlanak, eta ostiral honetan horri buruz hausnatzeko beta eskainiko du Zumaiako Aita Mari aretoan, 22:00etatik aurrera. «Gehienek tratu txarra indarkeria fisikoarekin lotzen dute, baina tratu txar fisikoez gain, hitzez eragindakoa ere existitzen da. Nahikoa ezkutuan geratzen da, eta biktima berak ere zalantzan jartzen du, ez baitu uste tratu txarra denik. Ez digute irakatsi, eta, azken finean, nahigabe edo denok tratatu izan ditugu gaizki hitzez gure ingurukoak. Baina entzuten duena oso kontziente da, eta hitzek pertsona bat guztiz anulatzeko gaitasuna dute. Eta behin ezer ez zarenean, isiltzea erabakitzen duzu», dio antzezlanaren zuzendari Agurtzane Intxaurragak, lanaren muinari buruz.
Bikote baten istorioa du kontagai
Hitzak-ek. Hasieran hitzik ederrenak esateko gai dira, baina denborarekin hitz horiek iraingarria, mingarri eta erasotzaile bihurtuko dira; tartean, ume bat egongo da. «Istorioko emakumea hiru belaunaldi ezberdinetako hiru emakumek irudikatuko dute. Harremanaren hasierarekin, orainarekin eta etorkizunarekin jokatzen dugu», nabarmendu du Intxaurragak. Hiru emakumeak taula gainean daude: gazteenak ez daki oraineko emakumea bera denik etorkizunean, eta honek kontuz ibiltzeko esaten badio ere, gazteenak ez dio entzun nahi erabat maiteminduta dagoelako. Bestalde, oraineko emakumeak ez daki etorkizunekoa bera denik. Etorkizuneko emakumeak askatasuna lortu du, eta bere umearekin aurrera atera ahal izan du. Emakume hirukoa Ane Pikaza, Itziar Ituño eta Klara Badiola aktoreek osatatuko dute.
Hiru emakume horien aurrean gizonezko bakar bat egongo da, Jabi Barandiaran aktoreak gorpuztuko duena. «Erronka handfia izan du aktore gisa. Izan ere, denboran jauzika dabil etengabe, iraganetik orainera eta alderantziz. Eszena berean hiru emakumeak elkarrekin daude, eta gerta liteke gizonezkoa bi emakumerekin batera solasean aritzea. Baldin eta norekin ari den pertsonaiak energia handiago edo gutxiago izan dezake, eta erregistro aldaketa hori begi bistakoa da».
Emakume isila
Laugarren emakume bat ere izango da oholtza gainean, Agurtzane Intxaurraga bera. «Kalean dagoen emakume bat izango naiz, dena entzuten ari dena. Gure gizarteko edozein emakume izan daiteke. Nire belaunaldiko emakumeak entzuteko eta isilik egoteko hezi gintuzten, eta horrelako emakumeei zuzendua dago, nolabit ere. Dena dela, laugarren emakumeak bere begiradarekin asko kontatzen du». Horrez gain, umea ere antzeztuko du panpin baten bitartez.
Bestalde, Intxaurragak Torrejon de Ardozeko Emakumezkoen Eszena Zuzendarien XVI. Antzerki Lehiaketako zuzendari onenaren saria jaso du duela bi aste.
Ikusleari emozioa iritsi egingo zaiola onartu du antzezlaneko zuzendariak. «Ikusle orok berea balitz bezala sentituko du pasarteetako bat. Gainera, 15 urtetik aurrera edozein emakume senti daiteke islatuta emakume horietako batekin, edo gizonarekin. Harremanak kolore guztiak erakusten ditu, eta noizbait hitz horiek erabili izan ditugu». Hitzei garrantzia kentzen zaiela, eta askotanberen esanahia zein den jakin gabe erabiltzen direla iritzi dio Intxaurragak. «Jendeak ongi baloratu du nola dagoen kontatuta pil-pilean dagoen gai hau. Teilatupeko eguneroko tragedia txikiak dira, eta horrela hasten dira tragedia handiak».