Geoparkea irudikatuko duten bi pintxo aukeratuko dituzte.
Euskal Kostaldeko Geoparkea erreferentea da Euskal Herriko turismo eskaintzan. Mendia eta itsasoa uztartzen dira geoparkean, eta horren inguruan kultur ondare zabala garatu da mendetan Zumaian, Deban eta Mutrikun. Euskal Geoparkeko arduradunak jakin badakite bertako gastronomia Euskal Herria munduan zehar ospetsu egin duen faktoreetako bat izan dela. Beraz, natur eta kultur ondarea uztartuz Geoparkeko lurraldea ondoen ordezkatzen duten bi pintxoak aukeratzeko, Flysch & Karst Pintxo Lehiaketa antolatu dute. «Helburu nagusia Geoparkearen irudia zabaltzea eta hori gizartean zabaltzeko elementu promozional berriak aurkitzea da, herritarrei zein kanpoko bisitariei begira», azaldu dute.
Gainera, lehiaketarekin baserritarren eta ostalarien arteko elkarlana bultzatu nahi dute. «Bertako produktu freskoak kalitatezko sukaldaritzarekin batu, eta hiru herrietako ostalaritza sektorea dinamizatu nahi dugu», adierazi dute Geoparketik.
Herritarren iritzia
Lehiaketa bi mailatan banatuko dute. Alde batetik, Flysch Pintxoa eta bestetik Karst Pintxoa aukeratuko dituzte. Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean lehiaketan parte hartzen duten Zumaiako, Debako eta Mutrikuko tabernek beren pintxoa izango dute salgai, gehienez bi euroren truke, eta herritarrek gustokoen dutenaren alde bozkatzeko aukera izango dute. Geoparkeak jakinarazi duenez, bozketan parte hartzen duten herritar guztien artean sari bat zozkatuko dute: bi lagunentzat bisita gidatua eta Geogourmet otarra.
Abenduaren 3an epaimahaiak dastatuko ditu lehiaketara aurkeztutako pintxoak, eta irabazleak aukeratuko dituzte. «Epaimahaiak kontuan izango ditu aurkezpena, produktuen trazabilitatea, bideragarritasuna, zaporea eta originaltasuna. Dena dela, azken erabakia hartzerakoan herritarren botoak ere haintzat hartuko dituzte», zehaztu dute Geoparkeko ordezkariek. Pintxo irabazleak lehiaketan parte hartu duten taberna guztietan eskainiko dituzte.
Lehiaketan parte hartu nahi duten tabernek eta jatetxeek 943-19 28 29 telefono zenbakira hots eginda edota geoparkea
landa@gmail.com helbidera idatzita eman beharko dute izena azaroaren 27a baino lehen. Lehiaketako oinarriak eta pintxoak egiteko garaiko produktuen zerrenda
www.geoparkea.com webgunean izango dute eskuragarri parte-hartzaileek.