Ura "modu arduratsuan" kontsumitzen dutenei zerga izoztuko diete Zumaian

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 6a

2014rako ordenantza fiskalak. Aldaketa nagusiak Zerga nagusiak
  • Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga. KPI adina igoko dute mota guztietako higiezinetan (industria, hirigune eta landagunetan).
  • Etxe hutsen gaineko errekargoa. %75eko gainordaina kobratuko zaie etxe hutsen jabeei; zenbait kasu salbuetsita egongo dira.
  • Ekonomia jardueren gaineko zerga. Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarri du hori, eta udalak alda ditzaken aldagaiak KPIren arabera moldatuko ditu.
  • Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Autobus, kamioi eta traktoreen jabeei—horiei zerga izoztuko diete— izan ezik, gainontzeko ibilgailu mota guztienei KPI adinako zerga kobratuko zaie.
  • Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga. Izoztu egingo da, foru arauak ezarritako gehienekoa delako.
Tasa nagusiak
  • Zaborra. KPI adina igoko da.
  • Ura. Kontsumo arduratsua egiten dutenei izoztu egingo diete tasa; hurrengo tartearen arabera kontsumitzen dutenei KPI adina igoko diote eta asko kontsumitzen dutenek %2,5 gehiago ordaindu beharko dute.
  • Hirigintza lizentziak. Jarduera berrietarako lizentziak izoztu egingo dituzte, eta martxan daudenei KPI adina igoko diete.
  • Hilerriko zerbitzua. KPIa adina igoko da.
  • Taxien lizentzia eta baimen administratiboak. KPI adina igoko da.
  • Kiroldegia. KPI adina igoko da. Familia tipologia zabalaren eskubideak bermatzeko, hobarietan aldaketak egongo dira.
  • Gizarte zerbitzuak. Etxez etxeko laguntza eta erabilera anitzeko apartamentuen prezioak izoztu egingo dituzte.
  • Gizarte zentroa. Podologoaren kuota izoztu egingo da eta ileapaintzailearena KPIa adina igoko dute.
  • Ludoteka eta udalekuak. KPI adina igoko dira.
  • Kultur ekitaldietarako sarrerak. Izoztu egingo dituzte.
  • Musika eskola. Orokorrean prezio guztiak izoztu egingo dituzte, dantza ikastaroarena salbu. Hori progesiboki igoko dute—hasieran merkea zen, jendeak izena emateko— beste ikastaroen prezioetara iristeko.
Uraren «kontsumo arduratsua» bultzatzea da udalaren helurua. Zumaiako Udal Gobernuak bi  irizpide jakin jarraitu ditu 2014rako ordenantza fiskalak zehazterakoan: datorren urterako zenbait zerga eta tasa KPI adina igo ditu, %1,9 alegia, eta beste hainbat izoztu. Hala ere, izango dira salbuespenak. Urari dagokionez, esaterako. Ur kontsumo arduratsua bultzatzea da Zumaiako Udal Gobernuaren asmoa, eta horretarako, bi neurri hartu ditu. Alde batetik, tasa hori finkatzeko etxe bakoitzean erroldatuta dagoen pertsona kopurua hartuko da kontuan datorren urtetik aurrera. Ildo horretatik, kuota pertsona bakoitzaren eguneko kontsumoaren arabera ezarriko du. Horrenbestez, kontsumo fiskala izango du kontuan udalak aurrerantzean, ura modu arduratsuan erabiltzen dutenak babesteko. Bestetik, parametro «normaletan» kontsumitzen dutenei izoztu egingo diete tasa. Hurrengo tarteari, berriz, KPI adina igoko diote eta kontsumo altua egiten dutenei, berriz, %2,5 gehiago kobratuko diete zerga hori. Izoztuko dituzten tasen eta zergen artean dago etxe hutsei dagokien errekargua. Iaz ezarritako zenbatekoa mantenduko dute hurrengo urtean ere: ohikoez gain beste etxeak dituztenek %75 gehiago ordaindu beharko dute . Hala ere, hainbat kasutan ez da ezarriko zerga hori: etxebizitza hori lehendik alokatuta (errenta aitorpena aurkeztu beharko da), familiakide zuzen batei utzita edota etxebizitza hori Bizigune edo antzerako programa baldin badago, besteak beste. Jarduera berriak ez oztopatu Jarduera berrietarako lizentziak ere izoztu egingo dituzte, horiek egitea ez oztopatzeko. Zenbait gizarte zerbitzutako prezioak ere mantendu egingo dituzte etxez etxeko laguntza eta erabilera anitzeko apartamentuena, kasu. Gauza bera egingo dute kultur ekitaldietarako sarrerekin ere. «Zumaian oso erakargarriak dira kultur ekimenak, eta aberasgarri izaten jarraitzea nahi du», azaldu du Ogasun zinegotzi Arritxu Gonzalezek. Kiroldegiko tasei dagokienez, aurten KPIa adina igoko badituzte ere——iaz izoztu egin zuten hori BEZaren igoera zela eta—, hobarietan aldaketak egingo dituzte familia tipologia zabalaren eskubideak bermatzeko. Gehiengoz eta behin-behinean onartu zituen Zumaiako Udalbatzak 2014rako ordenantza fiskalak, Bilduren eta Aralarren aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen; tasak eta zergak iraila eta iraila arteko KPIaren arabera—Zumaiako Udal Gobernuak abuztua eta abuztua arteko KPI  izan zuen kontuan ordenantza fiskalak osatzekoan— igotzeko eskatu zuen, %0,7 alegia. PSE-EEko zinegotzi Emiliano Cabañas abstenitu egin zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide