Imanol Azkue: "Aitona-amonen kontuekin akordatuko da bat baino gehiago"

Aritz Mutiozabal 2013ko azaroaren 1a

(Aritz Mutiozabal/Hitza) «Gaiak kezkatzen nau, interesatzen zait, batez ere istorio txikiak, jende arruntarenak, inon idatzi gabe daudenak, horiek guztiak elkartuta ulertu behar dugulako gure iragana, gaur egungo gure izaera edo identitatea». Aurrena Zumaia, izena eta izana liburua izan zen, eta leku izenen atzean zeuden istorioez eta leku horietan bizi ziren zumaiarrez hitz egiteko aitzakia izan zuen Imanol Azkuek (Zumaia, 1965). Oraingo honetan, herritar baten memoriak aztertu ditu, eta Baleike elkartearen babesean, Jose Manuelen ibilerak edo begirada bat 1910-1920ko Zumaiari argitaratu du. Jose Manuel Linazasoro da abiapuntua. Nor da herritar hau, eta zergatik hartu dituzu bere ibilerak? Jose Manuel Linazasoro Arriola Zumaian jaio zen, 1911n. Hamaika urte zeuzkanean, 1922an, Pasaiara joan zen, familiarekin batera, aitak han lortu zuelako lana, Pasaiako portuan, eta han bizi izan zen, 1975ean hil zen arte. Gaztetan futbolean ibili zen, Realean ere jokatu zuen, baina batez ere pilotan aritu zen, punta-puntan; oso aurrelari ona zen, eta Gipuzkoako txapelduna ere izan zen; ezizena ere bazeukan: Txulofronton, pilota frontoiko txuloan jartzeko zeukan abildadeagatik. Lanbidez, tornularia izan zen, Luzuriagan. 1936ko gerran ibili zen, gudari, eta harrapatu zutenean, behartutako lanak egin behar izan zituen. Handik bueltatuta, ezkondu eta bi seme izan zituen… Na­hikoa bizitza arrunta egin zuen, adin bereko beste askorena bezalakoa, baina zahartzarora iritsi zenean, Jose Manuelek zerbait berezia egin zuen: txikitako kontuak, Zumaiako oroitzapenak, idazten hasi zen koaderno txiki batean, eta izenburua ere jarri zion: Las andansas de Jose Manuel. Koaderno horretan oinarritu naiz liburua idazteko. Egunkari moduko koaderno hori Koldo Izagirre idazleak eman zizun. Nola izan zen kontua? Koldo hitzaldi bat ematera etorri zen Zumaiara, Autopsiarako frogak liburua zela eta. Orduan, komentatu zion Xabier anaiari bazeukatela Pasaian koaderno berezi bat, zumaiar batek idatzia, Zumaiako kontuekin, oso polita, baina beraientzat ez zeukala hainbesteko interesik, han aipatzen ziren pertsonak edo lekuak ez zituztelako ezagutzen. Pasatu zigun koadernoa, eta irakurri orduko konturatu ginen handik zerbait berezia atera zitekeela, erabil zitekeela garai hartako Zumaiaz zerbait egiteko. Berehala ikusi zenuen liburu bat osatzeko moduko mamia zuela, beraz. Bai. Koadernoa oso berezia da. Txiki-txikia, Balandro markakoa, poltsikoan sartzeko modukoa, berez egokiagoa oharrak hartzeko kontakizun luzeak idazteko baino; orriak etzanda jarrita dago idatzita, letra txikiarekin eta txukun-txukun. Mamiari dagokionez, 1915-1920 inguruko Zumaiako kontuak kontatzen dira: bizilekua, familia, eskola, jolasak, zer jan eta zer edan, gertaera bereziak… Gaur egungo begiekin begiratuta, bizimodua asko aldatu da, eta guretzat oso kontu deigarriak daude koadernoan. Zer-nolako istorioak dira? Eguneroko arruntekoak kontatzen ditu, eta ondo kontatu ere: non eta nola jaio zen, zer familiatan, gurasoak nongoak zituen eta zertan egiten zuten lan, anai-arreba gehiagoren jaiotza, nolako eskolak zeuden orduan, jaunartze eguna, aita etxetik kanpo egotea (itsasontzi batean zebilen, motorista), txikitan anai-arrebek izan zituzten pare bat ezbehar, egin behar izaten zituen enkarguak, non ikasi zuen igerian, zertan jolasten ziren garai hartan… Batzuetan zuzenean, besteetan lerro artean, garaiko bizimoduaren detaile asko daude jasota. Jaiotzarekin hasten du kontakizuna eta idazten jarraitu zuen 8-9 urtera arte, baina halako batean, kolpetik, idazteari utzi zion, ez dago amaiera iragarririk, eta ez dakigu zergatik. Koldo Izagirrek, liburuaren sarreran, ondo azaltzen du igual zergatik utzi zion idazteari: idaztea, azkenean, aspergarria ere badelako, eta ziur asko Jose Manuelek galdetu ziolako bere buruari zer eta zergatik ari ote zen idazten. Herritar askok beren arbasoen izenak eta kontuak topatuko al ditu? Izen propioak ez dira asko azaltzen, bakan batzuk baino ez, baina Jose Manuelen kontuak irakurrita, seguru asko denok egingo dugu atzera denboran, gure aitona-amonak edo gurasoak gaztetxoak ziren garaira, eta ez da zaila haiek imajinatzea Jose Manuelek kontatzen dituen istorioetan edo antzekoetan. Seguru asko, bat baino gehiago akordatuko da noizbait aitona-amonei edo gurasoei entzundako kontuekin. Propio aipatzen duen izen bat da Jesus Gomez Txanbolin, pilotan eta korrika oso berdinduta ibiltzen zirelako Jose Manuel eta biak, eta Txanbolini ere orri batzuk eman dizkiot liburuan, zein izan zen azaltzeko. Jesus Zumaian jaio zen, eta Hernanin denboraldi bat egin ondoren, Azkoitian jarri zen bizitzen. Bitxia da, baina oso antzeko bizimodua izan zuten: familia umil eta ugarietan jaioak; bien aitak itsasoan zebiltzan eta amak izaera handikoak ziren, familia ugaria aurrera atera zutenak; biak Gerra Zibilean ibiliak, eta behartutako lanak egiten, gero; biak ere 1975ean hil ziren... (A.M./Hitza) Jose Manuel euskaldun petoa bazen ere, eskuizkribua gaztelaniaz dago. Ez al duzu topatu esaldi solterik edo euskaraz? Gaztelaniaz dago, bai, baina batzuetan nabari da ez duela ama-hizkuntza edo gaztelania ez zela ondoen hitz egiten zekiena. Imajinatu beharra dago: Luzuriagako tornularia, pilotan jokatutako atzapar handi haiekin boligrafoa eskuan hartuta, koaderno txiki hartan idazten… Bere garaiko gehienek bezala, Jose Manuelek ere gaztelaniaz ikasi zuen idazten eta irakurtzen, ez ondoen zekien hizkuntzan, euskaraz. Horretan ere gauzak asko aldatu dira.... Dena dela, zure lana ez da mugatu euskaratzera. Liburuari forma eman, gertakari historikoak dokumentatu… Zer izan da konplexuena? Euskaratzeko tentazioa izan nuen hasieran, baina berehala baztertu nuen, kontakizuna gaztelaniaz oso ondo dagoelako idatzita, oso literarioa da, bizia eta zintzoa, eta askoz ere sinesgarriagoa da gaztelaniaz, bere horretan, idatzita dagoen hizkuntzan. Eskuizkribua oso-osorik sartu du­gu, faksimiliea, liburuaren amaie­ran, nahi duenak irakurtzeko. Nik egin dudana izan da Jose Manuelek kontatzen dituen zenbait gertaera hartu eta txertatu liburuan, ahal izan dudan neurrian dokumentatu edo osatu, adibide gehiago eman, eta Jose Manuelek kontatzen duen horri inguru zabalagoa eman, ulergarriagoa egiten saiatu. Horretarako hainbat iturri erabili dut. Konplexua, lana ez da bereziki konplexua edo zaila izan, gehiago izan da pazientziaz eta pixkanaka jardutea. Jatorrizko eskuizkribuaz gain, garaiko argazkiak ere txertatu dituzu. Testigantza indartze aldera? Jatorrizko eskuizkribua osorik sartzea ere garrantzitsua zen. Ez da oso luzea, eta polit-polita da, irakurterraza, sentimendu ugari eragiten dituena: errukia, poza, harridura… Argazkiek, berriz, lagundu egiten dute garai hartako Zumaia eta zumaiar haiek irudikatzen. Ahalegindu naiz inoiz argitaratu gabeko argazki batzuk ere sartzen, eta eskerrak eman nahi dizkiet hemendik irudiak utzi dizkidaten guztiei. Garai hartako argazkiak asko dauzkagu, baina Jose Manuel txikitan azaltzen denik ez. Horregatik, Ander Hormazurik irudi batzuk egin ditu pasarte batzuk ilustratzeko, eta oso ondo geratu dira.
  • Gipuzkoako partaidetzazko esperientzien inguruko liburua ere landu du. Imanol Azkuek bigarren liburu bat argitaratuko du aurki, eta ondo bidean, azaroaren amaiera aldera ikusiko du argia. Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz, bi urte hauetan Gipuzkoan egin diren partaidetzazko esperientziak jaso ditu. «Herritarren parte hartzearen arloan lan handia egin da herrietan eta liburu honen bidez egindako lana azpimarratu nahi da, aitortu eta ezagutarazi». Eskualdeko herri askotako esperientziak azaltzen dira: Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitikoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide