Gipuzkoako Foru Aldundiak Narruondon bidegorria egiteko lanak abiatuko ditu

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urriaren 17a

Zumaiako Udalak Txiki-erdi biribilguneraino egina du bidegorria (Argazkia: Baleike) Eskualdean bizikletan nahiz oinez paseoak emateko ibilbide ederrak daude. Dena dela, bidegorri sarea zabaldu egin nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Zumaiako Narruondo auzoraino bizikletentzat eta oinezkoentzat bidegorria eraikitzeko lanak hasiko ditu hilabete honetan. Zumaiako Udalak bidegorria egina du Txiki-erdi biribilguneraino, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak horri jarraipena emango dio. Etorkizun hurbilean bidegorria Arroaraino iristea da asmoa. Lur azpiko bi pasabide Narruondora iritsiko den bidegorria 764 metro luze izango da, eta hiru tartetan banatuko dute. Biribigunetik hasita 489 metro izango ditu lehen zatiak, bigarren zatia 160 metroko baserri bidea izango da, eta eta azkenik 115 metroko bidegorria, Narruondorainokoa. Zabaleran, berriz, lau metro luze izango da bidegorria ibilbide osoan zehar. Bidegorri berriak N-634 errepidea igaro beharko du bi puntutan, eta horretarako lur azpiko pasabidea egingo dute. Lehen pasabideak Txiki-Erdi biribilgune zeharkatzeko eraikiko dute, 29,8 metro luze, lau metro zabal eta 2,65 metroko altuera izango du. Narruondo auzoan izango da bigarren pasabidea, 12 metro luze eta 2,65 metroko altuerakoa, hain zuzen ere. Bidegorrian zehar argiteria ere jarriko dute. Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, LET motako argiak erabiliko dituzte. Kale-argi batetik bestera 25 metroko distantzia egongo da. Lur azpiko pasabideetan intentsitate handiagoko argiteria jarriko dutela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bidegorri berria erakitzeko lanak Altuna y Uria enpresak egingo ditu, eta sei hilabete inguru irautea aurreikusi dute. Bidegorria egiteko aurrekontua 971.777,35 eurokoa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide