Futbolzale bidaiari ameslariak

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 17a

Realzaleak Anoetan, Manchesterren aurkako partidarako sarrera erosteko. (Argazkia: Ainara Ormazabalek utzitakoa) Realzaleek arreta osoa zozketa batean zuten jarrita abuztuaren 29an. Txapeldunen Ligako multzoen fasea zozkatzen zen. Irrikaz zeuden jarraitzaileak, talde handiren bat egokitzeko, eta zozketak bete egin zien eskatutakoa. Manchester United entzun zutenean edota telebistaz Ingalaterrako klub historikoaren izena papertxoan idatzita ikusi zutenean, amesten hasi ziren. Bihotzeko taldea ikustera Old Trafford zelaira joan beharra zuten. Bidaiak antolatzeari ekin zioten. Zale batzuek taldeetan biltzen dira, eta horietako batzuk bidaia taxutzen hasi ziren. Beste zale batzuek beren kasara antolatu dute bidaia. Zumaiako Algorri Taldea berehala hasi zen lanean. Jon Zabaleta kideak azaldu dio Urola Kostako Hitza-ri nola antolatu duten. «Zozketa egin eta egun gutxira hasi ginen lanean, eta aurrez espero genuena egiaztatu ahal izan genuen: sekulako arrakasta izango zuela bidaiak. Jendearen jakin-mina ikusita, bidaia antolatzea erabaki genuen. Ordu gutxiren buruan zazpi bat lagunek eman zuten izena». Zerrenda ireki zuten, eta zaleak izena ematen hasi ziren. Zazpi horien atzetik, beste hamar, gero berrogei... eta azkenean, berrehun lagun. Algorri tabernan, taldearen egoitzan jarri zuten bidaiaren berri ematen zuen iragarkia, baita herriko beste txokotan ere. Sarrerekin izan da gorabeherarik hainbat bazterretan, eskaria eskaintza baino handiagoa izan delako. Real zale asko geratu da joan ezinik, sarrerak lortu ezinda. Realak berak kudeatu du sarrerena, eta ohi bezala, zale taldeentzat asko gorde ditu. Bilera egin zuten bidaia egin behar duten talde horiekin guztiekin, eta han jakin zuen Algorri Taldeak eskatu zuen sarrera emango ziola Realak: berrehun. «Nahiko ondo kudeatu dute sarrerena». Algorriri hainbeste sarrera ematea eta beste batzuei gutxiago luzatzea zertara datorren galdetuta, hauxe erantzuna: «Eskatutako sarreren erdiak edo erdia baino gehiagok bazkideentzat izan behar du. Guk eskatu digu bazkide direla ziurtatzeko zenbakia, eta Realak horrela eman dizkigu sarrerak». Bidaia agentziarekin aireporturako joan-etorriak ere lotu dituzte, bai Gasteizko Forondara joateko, baita Manchesterreko aireportutik hirira eta zelairako joan-etorria egiteko. «Dena egin digu. Kontuan izan behar da gurekin ez dela Zumaiako jendea bakarrik etorriko, eta autobus bat baino gehiago erabiliko ditugu Gasteizko aireportura joateko eta handik bakoitza bere herrira etortzeko». Herri askotakoak baitira. «Zumaiarrak 40 bat edo izango gara, eta gainerakoak kanpokoak. Laudiotik zazpi datoz, eta Durangotik ere badator jendea». Zumaiarren artean, inor ez omen da nahi eta joan gabe geratu. «Garaiz eman zuten izena denek. Kanpotarren artean, izan dira batzuk berandu ibili direnak eta joan ezinda geratu direnak. Oraindik jendea deika ari da, pentsa». Aspaldi hasi ziren bidaia antolatzen. «Manchester United sekulako kluba da, historikoa, eta ilusio berezia sortzen du Old Trafford bisitatzeak. Ametsen Antzokia esaten diote zelaiari, eta azken batean, horixe da guretzat, ametsa betetzea», esan du elkarrizketara gehitu den Jose Luis Alvarok, Algorri Taldeko beste kideetako batek. Zarautzen ez da talderik animatu bidaia antolatzera. Dani Estrada Taldea dago, eta Pascu Exposito da kide bat. «Ez dugu taldearen izenean bidaia antolatu, baina taldeko kide batzuk elkarrekin goaz». Realak Eroski bidaia agentziarekin adostua dauka halako bidaiak antolatzea, eta horrelako bidaia batean doaz zarauztar hauek. «Badakit beste batzuk ere badoazela Manchesterra, baina bidaia beren kontura hartuta eta sarrerak lortzeko Anoetako ilaran bi gau pasatu eta gero». Exposito eta bere lagunak partidaren egunean bertan aterako dira. «Denok nahi genuen Manchester United egokitzea, eta hemen dago. Ezin dugu aukera galdu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide