Zumaiako herritarretatik ia erdia herritik kanpo jaioak dira

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urriaren 11

Zumaiarretatik %82 Euskal Herrian jaio dira. (Aiora Larrañaga/Hitza) Duela hogei urte inork ez zuen pentsatuko eskualdeko herrietan jatorri askotako herritarrak elkarrekin biziko zirenik. Kalean zehar paseatuz gero, munduko herrialde askotatik iritsitako herritarrak ikus daitezke. Bakoitzak bere kultura, ohitura eta hizkuntza dituen arren, desberdinen arteko elkar ulertzea ezinbestekoa izaten da. Biztaleriaren mapa aldatzen ari dela jakin badaki Zumaiako Udalak, eta zumaiarren jatorria zein den aztertzeko ikerketa kuantitatiboa egin du. Horren arabera, «erroldako datuak kontuan hartuta, zumairretatik %51,9 jaio dira Zumaian». Bestalde, zumaiarretatik %82 Euskal Herrian jaiotakoak dira. Karmele Gomez udaleko Berdintasun teknikariak azaldu duenez, aurkeztu berri duten ikerketa kuantitatiboa «lehen urratsa» izan da. «Herrira etortzen direnei ongi-etorria emateko harrera protokoloa sortu, eta epe luzean elkarbizitzarako egitasmoa osatzeko aukera aztertzen ari gara», azaldu zuen. Zumaiak bi immigrazio olatu izan ditu. Lehena 1950etik 1980ra bitartean izan zen, eta Espainiako Estatutik herritar ugari heldu zen Zumaiara, lanera. «20 urtean Zumaia 3.500 biztanle izatetik 8.000 izatera igaro zen. Horiek osatzen dute Euskal Herritik kanpo jaiotako zumairren talde handiena; horietatik%36 Badajozekoak dira; Valle de la Serenakoak, hain zuzen ere», azaldu zuten aurkezpenean. Bigarren olatu migratorioa azken15 urteetan iritsitakoek osatzen dute, eta hauek munduko hainbat herrialdetatik heldu dira. «Batez ere Hego Amerikakoak eta Ipar Afrikakoak dira. Lan egiteko adinean dauden herritarrak dira, eta horrek Zumaiako biztanleria piramidean aldaketa ekarri du. Hego Amerikarren kasuan, gehienak emakumezkoak dira, eta uste dugu zaintza lanak egitera etorri direla». Elkarbizitzarako bideak Ikerketaren emaitzak aurkeztu ondoren bertaratu ziren herritarrek gaiaren inguruko hausnarketa egin zuen. Azken urteetan Zumaiara iritsi diren herritarrak lan bila etorri direla nabarmendu zuten. «Gaur egun lan mundua gaizki badago ere, jatorrizko herrialdeetan askoz egoera okerragoa bizi dute, eta horregatik etortzen dira gurera», aipatu zuten. «Asko eta asko ez dira zuzenean Zumaiara etorri, aurretik Espainia hegoaldean eta beste lurraldeetan lanean jardun dute, eta horietan egoera oso gaizki dagoela ikusita Euskal Herrira etortzea erabaki dute», azaldu zuten. Integrazioa ere hizpide izan zen bileran. «Datuek erakusten dute Espainiatik kanpoko herritar asko iritsi dela Zumaiara azken urteetan, baina kalean edo herriko bizitzan ez ditugu ikusten, ikustezinak dira. Oraindik garaiz gabiltza, eta uste dut garrantzitsua dela integrazio plana lantzea. Udalak ba al du ideiari zumaiar horiek bizitza publikora eraman eta herrian aktibo izateko?», galdetu zuen herritar batek. Udaleko Berdintasun teknikari Karmele Gomezek azaldu zuenez, garrantzitsua da herritar horien «iritzia» jasotzea. «Ez dakigu nola sentitzen diren herrian, integratuta sentitzen diren edota zumaiar sentitzen diren. Balorazio horiek guztiak jaso nahi ditugu, kualitatiboki lanketa sakonagoa egiteko», azaldu zuen. Bide horretan haiengana hurbiltzea ezinbestekoa dela uste dute. «Elkarbitzarako erronka garrantzitsua da udalak aurretik duena». Datuak
  • Zumaian 9.616 pertsona daude erroldatuta.
  • Zumaian jaiotakoak herritarren %51,9 da.
  • Gipuzkoako beste herrietan jaiotakoak herritarretatik %26,8 dira. Ikertzaileen arabera, datu hori ez da zehatza, garai batean zumaiarra izan arren jaioterria Donostia bezala azaltzen baitzen erroldan.
  • Zumaiarretatik %82 Euskal Herrian jaiotakoa da.
  • Bi migrazio olatu hartu ditu Zumaiak.
- Lehen olatua : 1950-1980 artean, Espainiako Estatutik jende asko etorri zen. - Bigarren olatua: azken 15 urtetan munduko 52 herrialdeetatik iritsi da jendea Zumaiara.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide