Euskal Bodyboard Zirkuituko azken proba, azaroan

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 10a

Atzeratu egin dute, itsas baldintzegatik; urriaren 18tik 20ra Europako zirkuituko proba egingo dute Zumaian. Bodyboardak protagonismo berezia izango du hilabete honetan Zumaiako Itzurun hondartzan. Alde batetik, Euskal Bodyboard Zirkuituko azken proba jokatuko da; hasiera batean asteburu honetan jokatzeakoak ziren, baina itsas baldintza egokirik ez dela eta, azaroaren 2-3ko asteburura atzeratu dute. Open, 18 azpi eta dropknee mailetako probak jokatuko dituzte bertan eta irabazleek 6.000 euro eskuratzeko aukera izango dute. Interesa dutenek urriaren 30a arte eman dezakete izena. Bestetik, urriaren 18,19 eta 20an, Europako Bodyboard Zirkuituaren barruan Zumaia Bodyboard Pro 2013 txapelketa jokatuko du. Zirkuituaren hirugarren proba izango da, eta bi izar izango ditu. Zirkuituko azken bigarren proba izanda, erabakigarri samarra izango da lehen postuetan kokatu nahi dutenentzat. Izena eman nahi dutenek ZISKEko lokalean egin ahal izango dute egun bat lehenago, arratsaldeko 19:00etatik 20:30era. Informazio gehiago eskuratzeko www.euskalsurf.com bisita daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide