Senar-emazteak dira Mikel Emezabal (Donostia, 1973) eta Amaia Aldalur (Zumaia, 1973), eta pasio berak lotzen ditu: musikak. Lanbide dute zaletasuna, eta orain, egitasmo berri batean are gehiago elkartu dira: diskoa grabatuko dute Zumaiako San Pedro Abesbatzak eta Zumaiako Udal Musika Bandak.
Suite izena izango du, eta urriko lehen asteburuan grabatuko dute. Azaroaren 30ean aurkeztuko diete herritarrei, kontzertuan. Oso lanpetuta daude, guztia prestatzen ari dira, baina ilusioak neke guztiei gaina hartzen die. Hala azaldu diote UROLA KOSTAKO HITZA-ri.
Mikel Emezabal eta Amaia Aldalur (Aitor Manterola/Hitza)
Nondik nora sortu zitzaizuen diskoa grabatzeko asmoa?
Amaia Aldalur: Bion kontua izan zen, baina gehienbat nirea.
Suite bat kantatzen dugu, bere garaian Mikelek moldatu zuena. Kanta multzo bat da, Tomas Araguesena. Gabonetan kantatu genuen, eta esan nion Mikeli zergatik ez genuen grabatzen disko batean, eta hortik hasi zen dena. Eta barruraino sartu gara.
Mikel Emezabal: Abiapuntu bat hori izan zen, baina beste batzuk ere badauzka. Xabier Sarasolaren
Ave Maria obra Zumaiako Musika Jaialdiaren 25. urteurrunean egin genuen, duela sei bat urte, eta hori ere diskoan sartzekoa dela iruditu zaigu. San Pedro Abesbatzak eta Zumaiako Udal Musika Bandak elkarrekin egingo dugun aurreneko diskoa izango da.
Zenbat obra bilduko dituzue diskoan?
A.A.: Suite klasikoa, lehen aipatu dugun
Suite-a,
Ave Maria,
Amalur eta
Itsasoa eta eguzkia obrak izango dira diskoan. Pixka bat luzeak dira denak.
M.E.: 45-50 minutu tartean iraungo du diskoak.
Zaila izan al zaizue obrak aukeratzea, batzuk kanpoan laga beharragatik?
A.A.: Aukera egitea ez da erraza, eta gero ere lanak izaten dira, pentsatzen duzulako ur handitan sartu zarela.
M.E.: Lotura izan behar zuten obrek, eta hori bilatzen hasten zara.
Zerk lotzen ditu diskoko abestiak?
M.E.: Diskoaren izenak lotzen ditu,
Suite, oso zabala delako, zati ezberdinez osatua dagoelako. Irekia da, eta diskoa irekia izatea nahi genuen. Gainera, lehen esan bezala, bi
suite egongo dira diskoan: Gabonetakoa eta klasikoa, biak Tomas Araguesenak.
Piezak aukeratu eta gero, zein izaten da hurrengo lana?
A.A.: Prestatzen hastea, buru-belarri. Grabazioa kontzertu bat baino gogorragoa da. Gogorrena da, estudioan entzuten baita ateratzen dena, ez besterik. Elizan edo beste leku batean izanez gero, emozioekin beste zerbait lortzen duzu, eta entzuleek ere beste zerbait senti dezakete. Baina estudioan ez dago halakorik, eta ardura handia da niretzat. Kontuan izan behar da Abesbatzako eta Bandako kideak ez dira profesionalak, eta denontzat da erronka handia disko hau grabatzea.
Obra bat hartu eta diskoan sartu aurreko lanak zein dira?
M.E.: Abestiak moldatuta zeuden, eta lan hori ez dugu egin behar izan. Baina pertsona bakoitzari egokitu behar zaio obra kasik-kasik, eta teknikariaren lana ere hor dago. Ez da musikaria izaten, nahiz eta musikaz asko-asko jakin. Abesbatza eta Banda elkarrekin grabatzen jartzea zaila da, teknikaren alderditik. Ahotsak, alde batetik, eta musika, bestetik; ez da erraza. Musikaren alderditik ere zaila da elkar uztartzea. Teknikariak ulertu egin behar du zer nahi dugun; hori ezinbestekoa da. Pieza batzuk abesbatzak bakarrik grabatuko ditu; beste batzuk Bandak bakarrik, eta elkarrekin izango dira beste batzuk. Ez badugu ondo antolatzen, anabasa izan daiteke. Zorionez, teknikari oso ona aurkitu dugu.
A.A.: Elkar estudioetan grabatuko dugu, eta teknikaria kanpotik ekarri dugu: Mikel Fernandez Krutxaga. Jende askorekin ari da grabatzen, eta berak alokatu du estudioa.
M.E.: Ezaguna da teknikaria. Esaterako, urtero Lekeition egundoko grabazioa egiten dute, gero telebistan eta emateko, eta berak dihardu teknikari lanetan.
Bideoa grabatu behar al duzue making off delakoarekin?
A.A.: Beharko genuke grabatu.
M.E.: Egin nahi dugu, bai, gero marketina-eta egiteko oso baliagarria eta lagungarria izango delako. Egin behar dugu. Gaur egun ez da aski diskoarekin bakarrik. Sare sozialetan eta ia ezinbestekoa da halako bideoekin ibiltzea. Egoerak eskatzen du. Hor gabiltza gauza askorekin batera, eta azkenean, handitxoa ari zaigu bihurtzen diskoaren proiektua.
Zuek biok ari al zarete guztiaz arduratzen?
A.A.: Iker Gonzalez eta Marixi Sesma ere ari dira. Gauza asko lotu behar dira: SGAE, udalaren laguntza, bestelako kontu batzuk... Eta laguntza behar da, bai.
Diskoaz gain, Abesbatzak eta Bandak kontzertuekin jarraitzen dute. Nolabaiteko oztopoa al dira diskoan erabat murgiltzeko?
M.E.: Erabat gaude murgilduta diskoan. Oporretatik bueltan hasi ginen. Baina egia da larunbatean kontzertua genuela Bandakoek, eta hori ere lantzen aritu gara. Orain, larunbatetik diskoan soilik ari gara lanean.
Noiz hasiko zarete grabatzen?
A.A.: Urriaren 12an eta 13an. Segituan.
M.E.: Bi aste dauzkagu entsegu guztiak egiteko, elkarrekin aritzeko.
Entsegu gehiago egin beharko dituzue diskoaren harira, eta horrek egundoko borondatea eskatuko die musikariei eta abeslariei. Horien lanik gabe, ezinezkoa izango da, ezta?
A.A.: Bai, dudarik gabe.
M.E.: Lehen Amaiak esan du emozioena, eta esango nuke diskoan perfekzioa dela hitz gakoa. Edozein akats antzeman egiten da, eta ez dizu balio grabazioak. Ondo atera arte grabatu eta grabatu egin behar da, eta pazientzia handia eskatzen du. Gogorra da, astuna, latza denentzat. Musikari profesionalentzat ere hala izaten da. Atera kontuak zer izango den profesionalak ez direnentzat.
Lehendik ere badute musikariak eta abeslariek diskoak grabatzen eskarmentua, ezta?
A.A.: Bai. Abesbatzak badu bat, baina ez zen izan estudio batean. Parrokian bertan grabatu zen, eta oraingoa ezberdina izango da. Beldurra diot oraingoari.
M.E.: Beldurra baino gehiago, errespetua da.
A.A.: Erabateko konfiantza daukat Abesbatzako kideengan, jendeak badakielako bere lekuan egoten eta jartzen halako egoeretan. Haiek ere ulertu egin behar dute zertan ari garen, eta bakoitzaren uneko egoerak eragina izango du grabazioan. Egun guztiak ez dira berdinak izaten, eta horregatik diot errespetuarena.
M.E.: Duela sei urte grabatu genuen Bandan
Gora Zumaia diskoa, eta gure lokalean grabatu genuen. Lan handia izan zen, baina oraingoa ezberdina da. Orduan berrogei lagun ginen, Bandakoak bakarrik, eta orain laurogei izango gara. Lehen berrogei aukera zeuden akatsak egiteko, eta orain laurogei dira. Amaiak aipatzen duen beldur edo errespetu hori hortik doa. Adibidez: sarreran baten bat aurreratu egin zaiela besteei, eta horrelakoak. Nire ustez, bi aste hauetan lan ona egingo dugu, eta grabaziora ondo sartuko gara. Segurtasun hori ez bagenu, ez ginen sartuko diskoaren proiektuan.
A.A.: Garbi daukagu eta ziur gaude oso ondo aterako dela.
Diskoarekin zer egingo duzue gero: saldu, oparitu, banatu?
A.A.: Udal Musika Patronatuak babesten du ekimen hau, eta pentsatzen dut salgai jarriko direla. Baina ez dago lotuta Zumaiako Udalarekin. Banatu ere egingo dira.
Noiz izango da aurkezpena?
A.A.: Azaroaren 30ean aurkeztuko dugu, kontzertuan. Hor izango da diskoa, eta hortik aurrerakoak lotzeko ditugu.
Zumaiako Abesbatzaren eta Bandaren arteko elkar hartze hau diskoarekin amaituko al da, ala beste egitasmoren batzuekin segituko du?
A.A.: Nahikoa izango da esperientzia hau! Bakoitzak bere gauzak dauzka egiteko.
M.E.: Kolaborazioak izan dira beti, kontzerturen batean edo, eta diskoarena berezia da. Kontuan hartu behar da Amaia eta biok senar-emazteak garela, eta elkartasun horrek bultzada eman dio diskoaren asmoari. Bakoitzak bere ibilbidea izanik, Abesbatzak eta Bandak, beti egongo dira kolaborazioak.
Gizarteko hainbat arlotan disziplinen arteko elkar-hartzea gertatzen ari da. Musikaren baitan ere etorkizuna hortik joango dela iruditzen al zaizue?
A.A.: Nik uste dut ezetz. Bakoitzak bere bidea dauka, eta teknikaren alderditik desoreka handia sortzen da. Izan ere, kontzertu bateratuetan, Bandak jan egiten du Abesbatza soinuan. Orain, grabazioan ez da antzemango hori, baina kontzertuetan etsigarria ere izaten da Abesbatzako kideentzat Bandaren doinuek jatea ahotsarena. Noizean behin elkartuko gara, hori garbi dago, eta egin egin behar da, baina bestela, bakoitzak bere bideari eutsiko dio.
Eguneko zenbat ordu ematen ari zarete diskoaren proiektuari?
M.E.: Puff! Asko! Kontatu ere ez ditugu egiten. Ordu denak eskaintzen ari gara.
A.A.: Diskoarekin bizi gara aste hauetan.
M.E.: Diskoarena proiektu bat da, baina beste batzuk ere baditugu. Bandak, esaterako, bat itxi du berriki, joan zen larunbatean eman genuen kontzertuarena. Orain diskoarena daukagu, baina horrek ez du esan nahi ez garenik ari gerokoetan pentsatzen; esaterako, Gabonetako kontzertuan, Iñauterietakoan... Gure lana da, gustukoa da, eta alde horretatik zorteko gara.
Zuen etxean musikak hartzen al du eguneroko bizikidetzaren zatirik handiena?
A.A.: Bai. Oso zaila da bereiztea. Une batzuetan alde batera uzten dugu musika, beharrezkoa
delako, baina bestela, Suite diskoarekin ari gara etengabe: bati deitu behar zaiola, beste bati email bat idatzi behar zaiola... Hori bai, asteburuetan, saiatzen gara diskoaren kontua alde batera uzten, musikarekin lotutako konpromisorik ez badugu behintzat.