Hilaren 27ra arte eman ahalko da izena Zumaiako kultur etxeko ikastaroetan

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko irailaren 20a

Kultura Sailak askotariko ikastaroak antolatu ditu ikasturte berrirako. Haurrei zein helduei zuzenduta egongo dira horiek. Etxeko txikienek plastika zein joste tailerretan hartu dezakete izena. Lehenbizikoa astean hiru egunetan izango da, eta astean behin bigarrena. Urriaren 7an hasiko dute lehenbizikoa eta maiatzaren 28ra arte iraungo du; bigarrena egun bat beranduago hasi eta bukatuko da. 110 euro —familia ugariek 80 euro— kostako dute. Pintura tailerra astearte eta ostegunetan izango da, urriaren 7tik maiatzaren 29ra arte. Hileko 25 euro ordaindu beharko dira. Kostu bera izango du keramika tailerrak. Urriaren 8an hasiko dute eta maiatzaren 29an amaitu, eta astearte eta ostegunetan emango dituzte eskolak. Sukaldaritza eta gozogintzan jardun nahi dutenak asteartero bilduko dira, urriaren 8tik abendura 17ra, komentuan. 50 euro ordaindu beharko dira. Prezio berean puntoa egiten ikasi ahalko da, urriaren 9tik abenduaren 18ra, asteazkenero. Ikastaro bereziak ere eskainiko dituzte. Tai Chiko hastapen zein hobekuntza mailatako eskolak, esaterako, asteazkenetan emango dituzte, urriaren 9tik maiatzaren 28ra, hilean 20 euro ordainduz gero. Meditazioa ikastaroa bi egun lehenago hasi eta bukatuko da. Hori astelehenetan izango da eta hilean 15 euro kostako du. Garagardoa egiten ere ikasi ahalko da, azaroaren 15an eta 16ean, 20 euroan. Akrobazia tailerra eskainiko dute, bestalde, urrian zein azaroan. 40 euro ordaindu beharko dira horretarako. Hilaren 27ra arte eman ahalko da izena ikastaro horietan, Alondegira bertaratuta, 943-861056 telefonora deituta edota kulturetxea@zumaiakoudala.net helbidera mezua bidaliz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide