Aintzane Irazoki: "Neure burua lasai agertzeko ahalmena eman dit antzerkiak"

Ane Olaizola 2013ko ira. 19a, 12:38

(Ane Olaizola/Hitza) Aintzane Irazoki (Azkoitia, 1977) ez da geldirik egotekoa. Zumaiako Arraun Taldean ez ezik, antzerkian, kantuan, dantzan eta trikitixa jotzen aritzen da Aizarnazabalen, beti ere lagunartean. Duela hiru urte hasi zen Aizarnazabalen antzerkia egiten, eta ordutik herrian egiten duten saioetan taula gainean izaten da Irazoki. Arraunetik antzerkira. Nolatan eman zenuen jauzi hori? Duela hiru urte lagun batek antzerki musikatua egin nahi zuen festetarako, eta kantuan, dantzan eta halakotan ibiltzen ginenek taldetxo bat sortu genuen. Antzezteko zaletasuna ere orduan sortu zitzaidan, ordura arte ez bainuen halako ezer egin. Proba txiki bat egin genuen pertsonaiak aukeratzeko. Ordutik, sanmigeletako txupinazoarekin antzerkia egiteko ohitura dago, eta iazko udan ere egin genuen saiotxo bat. Ez gara astero elkartzen antzezteko, soilik data zehatzetan egiten dugu. Horretaz gain, abesbatzan, trikitia jotzen, dantzan... ibiltzen zara. Trikitia jotzen gaztetan hasi nintzen. Gero utzita izan nuen, eta Santa Eskearen aitzakiarekin berriro heldu nion, duela urte gutxi. Lagunartean aritzen naiz trikitiarekin, eta hurrengo hiletik aurrera herrian musika jotzen dugunon artean taldetxo edo gune bat sortzekotan gara. Euskal dantzetarako ere izugarrizko afizioa dut; neure kasa aritzen naiz, eskolak jaso gabe. Orain, heldu eta nerabe batzuk elkartzekotan gara, dantza talde bat sortzeko. Ezer berezirik eragiten al dizu antzezteak? Gustatu egiten zait, eta zerbait antolatzekotan direnean animatzen naiz neu ere. Ez dakit ezer eragiten didan, baina jendeari begira eroso sentitu izan naiz betidanik. Antzerkia ez da bat-batean egiten den zerbait; aurrez lanketa bat eskatzen du. Zure burua kontrolpean izateko tresna bat da. Arraunerako balio izan al dizu antzerkiak? Neure burua lasai agertzeko ahalmena ematen dit. Buru-lana izugarria da arraunean. Ontzi barruan jende asko gaude, eta itsasoaren baldintzak desberdinak dira aldiro. Beraz, baldintza bakoitzetara egokitu beharra dago, eta hor lan fisikoaz gain, psikologikoa ere behar da. Bizitzan edozertarako balio du egoten jakiteak, eta hori antzerkiak eman dit hein batean. Nola uztartzen dituzu zaletasun horiek guztiak arraunarekin? Ogibidez produkzioko arduraduna naiz enpresa batean. Goizez egiten dut lan, eta denbora librean uztartzen ditut jarduera horiek. Neguan eroso ibiltzen naiz, entrenamenduak lehorrean egiten direlako eta umeak eskolan dauden bitartean egin ditzakedalako. Gainontzekoak, ordea, zaletasunak dira, beraz, ez dut konpromiso zehatzik, eta nahi dudan moduan eskaintzen diot denbora batari edo besteari. Aukeran, arrauna ala antzerkia duzu nahiago? Une honetan ez dakit zer dudan nahiago. Bi gauza oso desberdinak dira. Arraunak fisikotik asko eskatzen du, eta 36 urte ditut dagoeneko. Arraunak jarraipena eskatzen du, baina antzerkia behar den garaian egiten dut. Biak osagarriak dira niretzat. Antzezten ikasteko edo jarraitzeko asmorik ba al duzu? Momentuz, hemen lana badaukat, eta ez dut ikasteko asmorik. Lanik gabe geratuko banintz, beharbada hasiko nintzateke. Askotan pentsatu izan dut. Dena den, antzerkia lagunarteko zerbait da niretzat, eta horri eutsi nahi diot. Izugarrizko garrantzia ematen diot lagunarteari; antzerkia, kantuak, dantzak, arraunak... horretxek lotzen ditu guztiak, lagunarteak, eta horrek du balio handiena. Halako gauzak herria biltzeko guneak izaten dira. Bakoitzak bere bizia du, eta askotan kosta egiten zaigu biltzea, eta halako ekimenak gutxienez herria mugitzen dute. Arraunean antzerkian baino lehenago hasiko zinen, ezta? Bai, arraunean duela hemezortzi urte ibili nintzen. Koadrilakoak hasi ziren joaten, eta uste dut ni ere halaxe animatu nintzela. Bizpahiru urte egin ondoren, utzi egin nuen. Baina ez naiz inoiz aldendu izan, beti izan baitut harremana Zumaiako Arraun Elkartearekin, lanean nahiz bazkide bezala. Azken urteetan berriro arraunean hasteko harra nuen, baina horretarako fisikorik ez nuen, ezta denbora askorik ere. Duela bi urte nire kasa hasi nintzen prestatzen, Zumaiakoa bezalako talde batera ezin baita joan prestaketarik gabe. Iazko neguan bi hilabetez arraun taldean sartzea erabaki nuen, proba gisa. Gauza bat da ilusioa edukitzea, eta bestea horretarako gai izatea. Baina aurrera egin nuen, eta egia esan izugarrizko denboraldia suertatu zait. Denboraldia irabazi eta Kontxako Bandera eraman duzue. Asmatu duzu noiz hasi arraunean. Bai, hala da. Hori guztia barrutik bizitzea posible izan dut aurten. Izugarrizko zortea izan dut. Denboraldi oso ona egin dugu. Bi bandera bakarrik galdu ditugu, eta denboraldiko bandera guztietatik heren batean hartu dut parte. Lekeition irabazi genuen lehenengo bandera gogoan dut. Ez zen bandera ofiziala, baina irabaztea izugarria izan zen niretzat. Izan ere, duela 18 urte bateletan ibili nintzen, eta orduan ez zegoen banderarik. Kontxakoa ere izugarria izan zen. Egia da ez zela ezustekoa izan, baina arraunean gauza askok baldintzatzen dute, eta azken unera arte asko aldatu daitezke. Kontxako lehenengo sailkapenean hartu nuen parte nik, eta oparia izan zen hori; izugarri gozatu nuen, eta estropada oso ona egin nuen gainera. Helburuak bete al dituzu, orduan? Bai, soberan gainera. Nire helburua arraunean egitea zen. Asko gozatu dut, emandako aukera guztiak aprobetxatu ditut, eta jokatutako bandera guztiak irabazi ditut. Zer eman dizu arraunak? Fisikoki oso ondo sentitzen naiz. Horrez gain, izugarrizko lagun taldea dute Zumaiako taldean. Lehenengo egunean, neure buruari galdetzen nion: Nora etorri naiz? Lotsa sentitzen nuen. Baina izugarrizko laguntasuna jaso dut, eta giro oso ona egon da. Aurrera jarraitzeko eta taldera batzeko motibazioa izan da hori. Azkenean haiekin joateko gai izan naiz. Lainotik jaitsi al zarete jada? Kontxako Banderaren egunean zeharo azkar pasatu zen eguna, eta ez ginen benetan jabetu irabazi egin genuela. Uste dut denborarekin gehiago sinetsiko dugula historiara pasatu garela. Izugarrizko poza izan da. Hurrengo urtean jarraitzeko asmoa ba al duzu? Ez dakit. Nire helburua zen arraunean probatzea eta gozatzea, eta egin dut. Momentuz nire asmoa ez da jarraitzea, baina ez dut inorekin hitz egin, eta ez dakit zer asmo izango duten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide