Hiru hilabetean arraun denboraldia pil-pilean izan da, eta asteburuan eman diote amaiera traineru estropaden maila gorenari. Denboraldia amaituta, sentipen gazi-gozoa gelditu da eskualdean. Alde batetik, iaz KAE 1 Ligan jokatu ondoren, aurten denboraldi bikaina egin du Oriok, eta TKE Ligako sailkapen orokorrean hirugarren postuan amaitu du denboraldia. «Oso gustura» dira oriotarrak lortutako emaitzekin.
Zumairrek, bestalde, arraun ligaren alderdi iluna bizi zuten igandean. Izan ere, Zumaiako Arraun Elkarteko gizonezkoen traineruak ez zuen eskuratu datorren denboraldian TKE mailan jarraitzeko txartela.
Bizkaian jokatu zituzten asteburuko jardunaldiak; Bermeon izan ziren larunbatean, eta Portugaleten jokatu zuten estropada igandean. Bi kanporaketa estropadetan Telmo Deun traineruko arraunlariek euren onena eman bazuten ere, traineru gorriari aurrea hartu zieten Zierbena eta Cabo da Cruz taldeek. Zortzi urtez jokatu dute zumairrek traineru estropaden gorengo ligan, baina aurtengo
play-off kanporaketan ezin izan diote mailari eutsi. «Denboraldian zehar lana ondo egin dute arraunlariek, eta oso gustura nago eman duten errendimenduarekin», adierazi zion Santi Zabaletak UROLA KOSTAKO HITZA-ri.
Zumaiako Arraun Elkarteko zuzendaritza taldeko kideentzat, bestalde, nabarmentzekoa da denboraldian zehar eta azken asteburuan arraunlariek erakutsi duten jarrera «paregabea». Meritu handia dutela ere gaineratu dute. «Ezer kobratu gabe denboraldi guztian zehar gogor egin dute lan, ilusioz. Hasieratik jakin bazekiten TKE Ligan mantentzeko gogor egin beharko zutela lan, eta euren onena eman dute».
«Ilusioz» aurrera begira
Zumaiako Arraun Elkarteak punta-puntan ibiltzen direnen poza sentitu du emakumezkoen traineruarekin, eta maila mantentzeko borrokan dabilen taldeak sofritzen duen presioa gizonezkoen taldearekin. «Hori da kirola, batzuetan irabazi egiten da, eta beste batzuetan galdu. Askotan kirol balioei buruz hitz egiten dugu kirol munduan lan egiten dugunok, baina emaitzak txarrak direnean lur jota geratzen gara. Kirol emaitzen gainetik, kirolaren balioak guztiz barneratu dituztela erakutsi dute gure arraunlariek, eta horregatik oso harro gaude euretaz». Mailaz jaitsi badira ere, argi dute arrauna ez dela TKE Ligarekin amaitu. «Aurrera egin», eta orain arteko filosofiarekin lanean jarraituko du Zumaiako Arraun Elkarteak. «Umiltasunez, lanean jarraituko dugu. Zumaian arrauna indartzea eta harrobia lantzea izango da gure helburua».
Istiluak arraun munduan
Kaiku arraun elkartea izan da TKE Ligako talderik erregularrena, eta horregatik irabazi zuen igandean 2013ko San Miguel Ligako Koroa. Hala ere, goi mailan aritu den talde mordoskak izan du zaleei udaletxeko balkoitik banderak eskaintzeko aukera.
Ohitura den bezala, traineru estropadek taldeen eta herrien arteko aspaldiko lehia eta haserreak agerian utzi dituzte beste behin. Arraun adituek esaten duten moduan, «estropadek sortu zirenetik herri baten ohorea arraunean defendatzea izan dute oinarrian, eta egun kirol arautua badira ere, desafioak, istilua eta lehia daude arraunaren izaeraren baitan».